Patxi Olabarria | Antzuola
Angel Figueroari
Zure heriotzaren berri izan nuenetik egun batzuk pasa diren arren, oraindik sinistu ezinik nago. Azkeneko eskutitza idatzi nizunetik ere urte batzuk pasatu dira eta hitzak korapilatuta dauzkat. Zer esango dizut zuk ez dakizunik? Konta nezake nola ezagutu genuen elkar, kartzelako nire lehen gripea izan nuenean ezer eskatu gabe nola etorri zinen laranja zuku batekin eta zure irribarre eder horrekin. Konta nezake nolako duintasuna erakutsi izan zenuen beti... Konta nezake zenbat instantzia, errekurtso egin izan dituzun zure bizitza osoan zehar. Konta nezake, kartzelaria nola sutan jartzen zenuen lasaitasun osoz «tranquilícese señor carcelero» esaten zenion bitartean. Konta nezake nola begiratzen genituen elkarren hezurrak gose grebaren ondoren bistaratzen zirenean.
Baina horren guztiaren gainetik esan nahi dizudana da benetakoa zinela, benetako militantea, benetako ameslaria, benetako internazionalista, benetako laguna...
Eta horrexegatik, benetakoa zinelako kartzela sistemak begitan hartu eta zure aurka direnak eta ez direnak egin zituen. Eta apurtu egin zintuen, kartzelatik etxeratu zinen, baina apurtuta etxeratu zintuzten. Eta orain espetxe politika horren ondorioz, etxean preso eta gaixo zeundela hil zara.
Ez dut eskutitz hau bukatu nahi barkamenak eskatu gabe. Barkatu Angel, zuk nahi bezain gertu ez naizelako eta ez garelako egon azken urte hauetan. Justu laguntzarik gehien behar zenuenean ez gara egon zurekin. 800 kilometrotara zeundenean hilero joaten ginen zugana eta azken urteetan 80 kilometrotara egonda, urtean bizpahiru aldiz egoteko nahikoa lan. Lehengoan Herrira-ko kide bati entzun nion esaten: «Maite ditugulako, hor egongo gara eurak askatu arte...». Ados, baina ez ditzagun ahaztu etxean preso daudenak edo askatu berri daudenak. Askotan gure behar handiagoa dute eta egon gaitezen beraiengandik gertu.
Bueno ba, Angel, eman muxu handi bana zure aitari eta aiton-amonei. Zu ezagututa ziur ez zarela geldirik egongo, Hugo Chavezekin ikusten zaitut mundua konpondu nahian. Eskerrik asko, zaren modukoa izateagatik eta muxu handi bat, azkenean ezagutzen utzi ez dizuten herri txiki honetatik. Ohore bat izan da zu ezagutzea.