GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Deabruen habia

Duela hilabete, Benedikto XVI.ak dimisioa eman aitzin, albiste batek eman zidan atentzioa: Sinead O'Connor abeslariak adierazi du Eliza katolikoak eskumikatu duela, eta eskatzen dio Vatikanoari ziurtagiri bat. Hona hemen haren hitzok:

«Antza denez, eskumikatu naute, baina hori adierazten duen bakarra `L'Osservatore Romano' da, Eliza katolikoaren egunkaria, inork irakurtzen ez duena. Baina nik nahi dut bilobei erakusteko moduko zerbait. Txioren bat edo beste bidali diot Benedikto aita santuari, baina ez dit oraindik deus erantzun».

Handik gutxira, Ratzinger aita santuak karguari eta kargari ezin ziola eutsi, eta utziko zuela iragarri zuen, baina ez dut uste abeslari dublindarraren eskaerak zerikusirik izanen zuenik. Alta, zerikusia izan omen du Eliza katolikoaren barruko ustel usain jasanezinak, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu duten artzainak ez baitira izan ez bat ez bi, eta salaketa soka luzeak ez du etenik.

Adin berekoak gara Sinead O'Connor eta biok, eta gazte-gaztetatik miretsi dut kantatzeko haren ahots zoragarria. Baliteke irakurleak gogoan izatea Joan Pablo II. aita santuaren argazki bat urratu zuenekoa, AEBetako «Saturday Night Live» telesaioan, zuzen-zuzenean egin ere. Gogoan dut garai hartan sortu zen iskanbilaren haritik neuk ere izan nuela gogorik Aita Santuaren argazki bat mila puskatan hausteko; ez nuen egin, baina.

Eliza katolikoaren barruan izan diren umeen aurkako sexu-abusuak direla-eta, Sinead O'Connor dublindarrak horrela deskribatu du Vatikanoa: «Deabruen habia».

Ratzingerrek ez zion agiria eman, baina Bergoglio argentinarra horren «irekia», «herrikoia», eta «umila» bada, Aita Santu berriak eskumikatze-ziurtagiri hori eman beharko lioke dublindarrari eta eskatzen duen edonori. Katoliko sentitzen ez garen anitz gara Eliza katolikoaren zerrendetan, eta uste baino zailagoa da ezabatzea. Izan ere, zailagoa da Eliza katolikoan baja ematea telefonia-konpainian batean baino. Zerbait egin beharko da «L'Osservatore Romano»-n agertzeko; iradokizunak onartzen dira.

Zenbat argazki urratu behar dugu eskumika gaitzaten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo