ELA eta Aberri Eguna: kritika autokritikarekin
Urtero legez Aberri Egunaren karietara hainbat eragilek egin edo egingo dituzte adierazpenak. Aurten, ELAk, bere «erabateko autonomiaren» talaiatik egindako gogoeta luze eta zorrotza izan da, ezker-eskuin egurra emanez makina bat ezpal atera dituena. Lasaitasunez irakurrita, baina, sorpresa gutxi daude, betiko iltzeetan mailukadak, besteen nahi eta ezinen azpimarrak eta norbere jokabideen gaineko aipamen autokritiko eskasa. Dudarik gabe, egoera emergentzia nazional eta sozial gisara definitzea, estatuen eraso zentralista latza, herri langilearen pobretze etengabea eta, horren aurrean, desafio herritar desobediente bat artikulatzen ez asmatzearen kezka datu errealetan oinarritzen da. Erronka horri begira, gaur-gaurkoz, gehiengo abertzalea antzua dela, planto egin behar dela -ELAren ustez, plano instituzionalean baina- eta arrisku handiagoa hartuko duen politika berri bat entseatzeko ordua dela, errespetatu ez ezik, kontuan hartu behar den kritika da. Marmarrerako eskubidea inori ukatu gabe ere, ELAk porrot kolektibo bezala aurkezten duen gogoeta horretan duen ardura propioa eta horri buelta emateko dituen ahalmenak aprobetxatzeko nabari diren gabeziak aipatzea eskertuko litzateke, baina.
Euskal Herria askatu eta ezkerretik eraiki nahi dutenek banatuta ezina eta batuta etekina daukatela ongi daki ELAk. Halabiz.