GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Arkupea

Etorkizunerako eskaintza berriak ernetzen dabiltza adar askotan. Ea guztiak batuko dituen arkupe zabal bat egiteko gai garen, afrontutik babesteko

Kurtzio Kultur Etxean ginen, Gotzon Elortzaren erreportaje dotoreak ikusi ostean, herrien garapen eta eskualde kontzeptuaren zentzuaz berbetan. Natura eta erosotasunaren arteko ustezko gatazka, biztanle hazkundearen norabide guztietako eraginak, hirietatik hurbil dauden herrien bilakaera, identitate kulturala gordetzeko beharrizanaz, nortasun kultural horren abantaila sozialez..... XX. mendean galdutakoaren nostalgia eta bizimoduko onura materialen aitorpenaren arteko puntu bat aurkitu guran.

Orduan, edadeko emakume batek egin zuen berba. Ezaguna da bertan ginen guztiontzat. Euskararen gudari bat, Bertold Brecht-en poemaren zentzuan, borrokak eguneroko maratoian bizitza osoko hondar aletxoa ipiniz aurrera arazten dituen horietako bat. Eta bere esperientzian oinarritutako hamaika anekdota eder kontatu ondoren, herrietan arkupeak duen garrantziaz mintzatu zen. Arkuperik gabeko herritartasunaren ezinezkotasunaz. Guztion eskura, guztiok geure eta guztion begi bistan dauden lekuetan elkartzearen balioaz egin zuen berba. Arkupe zabalak eskatu zituen, plaza erdian ez bezala afrontutik babesteko. Haizeak zure aurpegira jaurtitzen duen ur baldekada saihesteko arkupe zabala.

Pertsonak elkartzen direnean indarra sortzen da. Batzuek energia deitu eta pendulu zein makiltxoekin neurtzen dute. Askok giroa deitzen dio, ukitu eta ikusi ezin daitekeen horrekiko erreferentziaz, baina zertzelada mistikorik gabe. Gaztelaniak rollo berba oparitu zigun gure belau- naldikoei, Ondarroako «rollu» eta guzti. Indar edo energia horrek, norbanako edo talde bakoitzaren kasuan, zein aldarte aldaketa (eta hara gauza berari esateko beste hitz klasiko bat) eragiten digun adierazteko. Energia, giro, indar, aldarte edo rollo horrek gizartea transformatzeko gaitasuna dauka. Baina horretarako arkupe on bat behar da. Gure herri batzuetako egitura fisikoetatik desagertu, eta metaforikoki ere instituzioetatik kanpo ia existitzen ez diren horietako bat.

Sare sozialek bete gurako luketen ziber-arkupeak agian balio lezake gizarte zati batentzat. Baina argi dagoena da presentzia fisikoa ezinbestekoa dela berbagai dugun energia hori sortzeko. Elkartzeari garrantzia eman behar diogu, kulturalki. Ez nabil soilik politikaz, edo alderdien inguruko politikaz, baizik eta printzipio pertsonal modura.

Gizarte eredu honek norbanakoari ezartzen dizkion hamaika betebeharrei atxikimendua erakusten diegu inertziaz. Asteroko kirol orduak, tituluak, merituak eta azenarioak pilatzeko ahalegin etengabea, gure ekonomia pertsonala aurrezkira bideratzeko erabaki existentzialak.....aberasgarriak, seguruenik, kasurik gehienetan. Baina elkartzeko beharrizana gauzak txarto doazkionean baino ez du ulertzen gizakiak. Anbotoko Damak irribarre egiten dionean, ostera, berdin zaizkio gainerako gehienak.

Esperantza koloredun perretxiko asko sortu da azken urteetan gure gizartean. Nekazaritzan, auzolanaren inguruan, okupazioaren alorrean, autogestioan... etorkizunerako eskaintza berriak ernetzen dabiltza adar askotan. Ea guztiak batuko dituen arkupe zabal bat egiteko gai garen, afrontutik babesteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo