ETA-ren Agiria Euskal Herriari
Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez honokoa jakinarazi nahi dio Euskal Herriari:
Azken asteotan, Espainia eta Frantziako Gobernuen jarrera ezkor eta oztopatzailearen ondorioz, gatazkaren ondorioen konponbiderako ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazio gunea desegina izan da.
Horren harira, ETAk honako argipen hauek egin nahi ditu:
1.- ETAren Ordezkaritzaren eraketa eta elkarrizketa mahaiaren sorrera, ETAren erabaki historikoaren aurretik eta nazioarteko eragile jakinen babesarekin, Espainiako Gobernuak eta ETAk hartutako konpromisoen emaitza izan zen. Honen helburua gatazkaren ondorioen agendaren gainean konponbidea elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik abiatzea zen.
ETAk bakerako bide-orri hartatik zegozkion konpromiso guztiak bete ditu. Espainiako Gobernuak berriz, bere hitza jan zuen eta, prozesua ezagutzen zuten nazioarteko eragile guztien harridurarako, hartutako konpromiso guztiak bertan behera utzi zituen ETAren erabakiaren iragarpenaren ondotik.
Horrela, jarduera errepresiboarekin eta euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen urratzearekin jarraitzeaz gain, bake elkarrizketari uko egin zion, konponbide prozesuari kalte handia eraginez.
ETAk Espainiako zein Gasteizko gobernuen aurrean egoera zuzentzeko gestioak egin zituen, baina ordurako PSOEk prozesua desitxuratzeko eta usteltzen uzteko erabakia hartua zuen, egunetik egunera gero eta ageriago gelditu delarik.
2.- ETAk, hala ere, bere konpromisoari eutsi dio eta, bere Ordezkaritzaren bidez, konponbide prozesuan aurrera egiteko eta bake elkarrizketak zabaltzeko ahalegin ugari egin du.
3.- 2011ko azaroko hauteskundeen ondoren osatutako Espainiako Gobernuak konponbide prozesuan ordura arte aurreratutakoaren berri zehatza izan du hasiera-hasieratik. Espainiako Gobernuak, beraz, gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketa gunea prest zegoela eta ETAk bururaino iristeko konpromisoa duela jakin bazekien.
Espainiako Gobernuaren jarrera ezkorra izan arren, ETAk modu serio eta eraikitzailean jokatu du uneoro, bai Espainiako Gobernuak gogoeta egiteko denbora eskatu duenean, bai eta harreman bide diskretu eta egonkor bat eraikitzeko aukera sortu denean ere.
Espainiako Gobernuak, baina, ez du inolako seriotasunik erakutsi eta elkarrizketa gunea hiltzen uztera jo du, Inteligentzia Zerbitzuen bitartez zuzenean erasotu eta saboteatu ez duenean.
4.- ETAk bere konpromisoaren berri eman dio Frantziako Gobernuari ere eta konponbide prozesuaren aukera elikatzeko proposamen eta eskaintza zehatz eta ausartak egin ditu.
Frantziako Gobernuak, ETAren proposamenen sendotasuna aitortu arren, Espainiako Gobernuaren itxikeriarekin lerrokatzea erabaki du, edozein urrats Espainiako Gobernuaren erabakien esku utzita.
5.- ETAk konponbide prozesua babesten duten nazioarteko hainbat eragile eta pertsonalitateri bere gogoeta eta proposamenen berri eman dio. ETAren urrats eta proposamenen koherentzia eta konpromiso maila nabarmendu dute guztiek, Espainiako Gobernuaren jarrerak ezinegona eta ulertezintasuna sortu dituen bitartean.
6.- Hilabete hauetan zehar, ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana eta lankidetza iraunkorra izan da, egiaztatzearen eremuan emaitza onuragarriak utziaz.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak berretsi berri duenez, ETA bere konpromiso guztiak betetzen ari da, Espainia eta Frantziako estatuen jarrera erasokorrak egoera arriskutsuak eta zailtasun erantsiak sortu dituen arren. Zentzu horretan, ETAk bere kide guztien ardura eta konpromiso maila nabarmendu nahi du, Estatuen arduragabekeriaren aurrean istripuak eta enfrentamenduak ekiditeko erabakigarria izaten ari baita.
Espainiako estatuak konponbide aukera oro deuseztatzeko darabilen jokabidearen ondorioz, negoziazio eta elkarrizketa gunea desegin izanak ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana zailduko du aurrerantzean. Horrenbestez, ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira.
7.- Bestalde, ETAk argitu nahi du armagabetzearen gaia Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere sorreran jaso zuen mandatutik kanpo dagoela eta, hortaz, ez dela egon eta ez dagoela ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lan-agendan.
ETAren iritziz, gai hau maltzurkeriaz erabiltzen ari da, Estatuek konponbide prozesuaren blokeoan duten erabateko ardura estali asmoz.
8.- Edonola ere, ETAk armagabetzearen gaiaz hitz egiteko prestutasuna agertu duela oroitarazi nahi du, gatazkak eragin dituen ondorio guztiak behin betiko gainditzea helburu izango duen elkarrizketa agenda baten baitan.
Horretarako, iazko azaroan bake elkarrizketetarako aurkeztu genuen proposamen zehatza indarrean dagoela berretsi nahi dugu.
9.- Negoziazio fronteari dagozkion gaiak beharrezkoa den diskrezioarekin jorratu ohi ditu ETAk. Alta, prozesua kaltetzea beste helbururik ez duten toxikazio eta filtrazio interesatuen aurrean, ETAk argipenak emateko beharra ikusi du, euskal herritarrek gertaera hauen berri zuzena izan dezaten.
Elkarrizketa eta negoziazio gunearen desegitea atzerapauso garbia da eta ondorio ezkorrak izango ditu, gatazkaren konponbidea zailtzen eta atzeratzen duen neurrian.
Gauzak horrela, gero eta ulergaitzagoa da PNV Espainiako Gobernuari behin eta berriz eskaintzen ari zaion babesa. Ulergaitza da, halaber, PNVk Espainiako Gobernuaren itxikeria estaltzeko eta kritika oro saihesteko diskrezioaren argudioa erabiltzea, benetan kontuzko gaiak direnen inguruan plaza publikoan arduragabe espekulatzen ari den bitartean.
ETAk gogoetarako deia egin nahi die eragile guzti-guztiei, Espainia eta Frantziako estatuen erasoen eta gatazkaren konponbidearen blokeoa betikotzeko asmoen aurrean norberak egin dezaken ekarpena azter dezaten. Zentzu horretan, Euskal Herritik eta nazioartetik konponbidea sustatzeko egin daitekeen zentzuzko ekarpen oro onuragarria dela uste dugu.
ETAk, bere aldetik, behin betiko konponbidea eraikitzeko lanean jarraituko duela eta izendatutako Ordezkaritza aktibo mantenduko dela jakinarazi nahi du. Ez dugu zailtasunen aurrean etsiko, Euskal Herriak bakea eta askatasuna merezi eta behar duelako.
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian, 2013ko martxoaren 17an
Euskadi Ta Askatasuna