GARA > Idatzia > Kultura

Kalakan taldeak disko berrirako «soinu potoloagoa» landu du

Kalakan taldeko hirukotea Baionan izan zen atzo, maiatzean kaleratuko duten disko berriaren mamiaren lehen aurkezpen bat egiteko. Hiru musikari eta kantariek Madonnarekin egindako bira «parentesia» izan zela eta oinarrizko lanera itzuli nahi dutela berretsi zuten.
p040_f04.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Madonna kantariarekin egindako bira, «parentesia», gibelean utzirik, Kalakan taldeko hirukoteak bere oinarrizko lanari ekin dio berriz.

«Pasa dugu urte bat arriskurik gabeko ikuskizun batean. Guk dakigun horretara itzuli gara», azaldu zuen Thierry Biscary taldeko kideak. Eta, horretarako, disko berria kaleratzea erabaki du Kalakanek. Datorren maiatzaren erditsuan izango da eskuragarri «Bi» izena hartuko duen lan berri hori.

Atzo, «intimistagoa» izan nahi duen lan berriaren edukiaren zati bat aurkeztu zuten Baionan. Perkusioak, txalaparta eta munduko beste hainbat musika tresna lagun zituztela, hiru abeslariek «Berterretxen kantoria» Zuberoako kantu ospetsua, «Iturengo arotza» eta sehaska kanta batekin egindako moldaketa azaldu zituzten, besteak beste.

«Hasieran egiten genituen gauzetara itzuli gara, baina, ekoizteko eta grabaketa egiteko orduan, indar berezi bat egin dugu. Gauzak gehitu ditugu, eta soinu potoloagoa sartu dugu», gehitu zuen Biscaryk. Soinuarekin harturiko «askatasunarekin» batera, grabaketan arriskuak hartu nahi izan dituztela aitortu zuten, eta horretarako, diskorako hiru elizetan zuzeneko grabaketak egin dituzte. Horiek horrela, soinu aldetik, diskoan eta zuzeneko emanaldietan ezberdintasunak izango direla jakinarazi zuten. «Zuzeneko emanaldietan egokitzapen bat eginen dugu», azaldu zuten.

Halaber, lan berria aurretik egindako lanaren jarraipen bat dela esan dute. Kantu zaharrak hartu eta horiek sortzen dieten emozioaren arabera birmoldatzeari ekin diote musikariek. Euskal Herriko musika tresna zaharrak eta gaurko musika modernoaren eraginak nahasi dituzte lan berrian, eta hori aurkezteko bi emanaldi eginen dituzte apirilean Euskal Herrian.

Musika industria gibelean utzi

Lehendabiziko kontzertua, datorren apirilaren 5ean eginen dute Biarrizko Gare du Midi aretoan, eta, ondotik, Donostian izango dira. Atzoko agerraldian Madonnarekin egindako biraz ere mintzatu ziren. Hirurak bat zetozen musikaren industria mundutik oso urruti sentitzen direla esatean. «Ez dugu jarraituko mundu horretan, horretarako asko aldatu beharko baikinateke», bukatu zuten.

Euskal Herrira pozik itzuli direla nabarmendu zuten, eta biraren eta diskoaren artean ez dutela sobera pausatzeko denborarik izan aitortu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo