Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko saria, «Publikoari gorroto» lanari
GARA | DONOSTIA
Huts Teatro konpainiaren «Publikoari gorroto» antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XIII. Donostia Antzerki Saria. Gaur, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, izango da sari emate ekitaldia, iluntzeko zortzietan, Victoria Eugenia antzokian.
Xabier Mendigurenek idatzita, Ander Lipus du protagonista eta Manex Fuchsek zuzendu du. Ekitaldiaren ondotik, antzezlana ikusteko aukera izango da. Gonbidapenak antzokiko leihatilan jaso ahal izango dira 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara.
Talde irabazleak 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren margolan bat jasoko ditu. 8.000 euro orain eta gainerako 2.000k jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian.
Bilbon bi egunetan
Bilbok ere bat egingo du Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin. Gaur adierazpenaren irakurketa egingo du eguerdian The Funes Troup konpainiak, Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak antolatuta. Aurretik, konpainiak bi zirku ikuskizun eskainiko ditu.
Bestalde, Der Productions taldeak «Vamos a contar mentiras toda la vida» lana aurkeztuko du Pabiloi 6 aretoan iluntzeko zortzietan, Galder Perez eta Lander Otaola protagonista direla. Perezek antzerki aktore baten papera egiten du eta Otaola, berriz, agertoki batera inoiz igo ez den telebistako antzezle bat izango da.
Bihar, Eguzki Zubia aktorea epaile gisa arituko da, Jamming konpainiako Paula Galimbertik zuzenduko duen antzezpen-inprobisazioko match bitxian. Oholtza gaineko norgehiagoka horretan, bi antzezle talde lehiatuko dira, zenbait antzezpen probatan zein den hoberena erakusteko. Ikus-entzuleek erabakiko dute zein den irabazlea. Ikuskizuna Pabiloi 6 aretoan izango da, 20.00etan hasita.