GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sortu: «Nazioarteko komunitateak ez du PPren jarrera itxiarekin bat egiten»

p015_f01_222x222.jpg

GARA | DONOSTIA

«Nazioartean gatazka ezberdinen konponbide prozesuetan pausoak ematen ari diren bitartean, Euskal Herrian irekiriko agertoki berriaren aurrean blokeo jarrera mantentzen du Estatu espainiarrak». Adierazpenokin azaldu zuen Sortuk egun Euskal Herrian bizi den errealitatea, agertoki berri batean izan arren eta mundu zabalean hainbat gatazkatan konponbiderako pausoak ematen ari diren bitartean, berton aldeetako batek ez duelako «gerra estrategia» baztertzen.

Madrilek jarrera itxia erakusten du nazioartearen aurrean, Sorturen esanetan, «Euskal Herritik edo nazioartetik burutzen diren proposamen edota ekimenen aurrean ezikusiarena eginez» edota «mespretxuzko jarrera» erakutsiz.

Maite Ubiria eta Amaia Izko Sortuko ordezkariek Donostian eginiko agerraldi batean salatu dute Rajoyren Exekutiboak «blokeo estrategia eskubideen ukazioan eta urraketan oinarritzen» duela, eta «espetxe politika kriminala» estrategia horren erdian dagoela. «Politika basati horren adierazle da Jabi Martinez euskal preso politikoaren kasua», salatu zuten, duela gutxi bere lagunek Jaenen bisitatzetik bueltan izandako istripua gogora ekarrita, 2010etik aske behar zuen preso baten kasuan.

Ubiriak FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko elkarrizketa, Turkiako Gobernu eta PKK-k abiaturiko negoziazio prozesua edota Eskoziako independentziaren aldeko erreferenduma aipatu zituen. «Kasu horiek agerian uzten dute mundu osoan gatazken konponbiderako bide unibertsala aplikatzen dela eta bide hori elkarrizketa, akordioa eta bereziki demokrazia da», nabarmendu zuen, prozesu bakoitzak berezitasunak dituela onartuta.

Europatik eta kanpotik jasotako ekarpenak aipatu zituen, «Bakearen bidean, presoen eskubideak errespetatu» ekimena edota Europar Parlamentuan gaur izango den «Prisonners: key to peace» (Presoak bakerako giltza) konferentzia aipatuta, besteak beste.

Ubiriaren esanetan, «nazioarteko komunitateak badaki prozesuak eta elkarrizketak alternatibarik ez duela», eta Izkok gaineratu zuenez, Sortuk argi dauka babes soziala eta nazioarteko komunitatearen lana erabakigarriak izango direla «prozesuaren egungo parametroak mugiarazteko eta konponbide eta eskubide aitortza eta errespetuzko agertoki baterako bidea urratzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo