GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Nor naizen?

 

Zenbait surflari aztoratu omen dut. Ernegatzen nauten horiek ernegatu omen ditut. Eta noski, eskubideak denak (eta betebeharrak batere ez) dituzten herritar onek, haiek dena borondate txarrik gabe egiten dutenez, zer egingo-eta, nirekin dituzten frustrazioak egunkari honetako zuzendariarekin asetzen hasi dira. Ea ba «Surflari Ernegatua» nor den, anonimotasunean nahi duena esateko eskubiderik ba ote duen, eta nahi duena esaten nola uzten dioten.

Publikoari zuzentzen zaion edo artikulu bat idazten duen edonork, kritikak eta desadostasunak jasotzeko prest behar du egon. Beraz, mesedez, borondate oneko herritar onok, zuzen zaitezte zuzenean nigana. Eta zerbait esan nahi baduzue, badakizue, esan.

Nor naizen? Aldameneko artikulu luze eta astunak idazten dituen morroia. Haritz Larrañaga Altuna Arruabarrena Aizpurua Larrañaga Larzabal Txapartegi Zeberio Zubimendi Atxaga Areizaga Otegi Zubimendi. Falta zaizkidan eta ez dakizkidan abizenak barkatuko dizkidate nire arbaso zenduek.

Nire nortasun agirian izena «h» gabe agertzen da, baina hori idazmakinan zen funtzionarioaren erabakia izan zen, zeren «a tí que más te da con `h' o sin `h'» esan zidan egunean kolonoak arrazoi zuela konturatu nintzen, izan ere, zer zentzu du letra bategatik pipertzeak agiria bere osotasunean gezur galanta bada?

Gehiago jakin nahi duzue? 1976ko martxoaren 22an jaio nintzen, Aries zeinukoa naiz (Dragoia zodiako txinatarrean), zarauztarra, betiereko ezkongabea, buruhandi pijo ilehoria, haragijalea, heterosexuala, misantropoa eta bipolarra. Txori txikia gogortzen zaidanean zenbateraino luzatzen den jakin nahi?

Garagardoa maite dut eta baita bizilagunaren intxaurrak ere. Hippyak gorroto ditut eta baita herritar modeloak ere (tira, gauza bera dira). Noski, ez naiz sexu zalea, batere, zerbait higuingarria dela deritzot. Itsasoa maite dut, hori bai, ez baitago hura menderatuko duen sandiosik.

Gehiago. Gizaki naizen neurrian besteen desgraziekin gozatzen dut. Ezker surflaria naiz, alegia Goofya. Bizkarka surf egitea maite dut, eta nire ametsetako olatua jada hartu nuen, etxetik gertu, azken udazkeneko azken itsaskian, Angeluko azken dikean, Euskal Herriak ekialdera duen azken urautsian.

Eztabaidak gogoko ditut eta nire zoritxarrerako, iritzi propioak izaten saiatzen naiz. Politika atsegin dut, baina bere berezko zentzuan. Hauteskundeetara neure burua gustura aurkeztuko nuke, baina nire etxeko kide guztiek bezala, nik ere parte hartzea betatua dut, kutsatua naiz, demokrazian.

Ez dakit zer ahaztu zaidan. Oraindik nirekin harremanetan jartzeko zailtasunak badituzue galdetu auzoko komisarian. Baina mesedez, utz ezazue zuzendari gajoa bakean. Aita da, familia bat du, erantzukizunak ditu eta bestela ere nahikoa lan badu egunkari hau erosten ez duten hippy eta sasi abertzaleen exijentzia eta tontokeriak jasaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo