GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Joandakoei agur, daudenei bide

Teresa Mattei bere azken martxoak 8 ospatu eta lau egunera hil zen. Italian, Emakumeen Nazioarteko Egunean, bada tradizio bat, Bigarren Mundu Gerra osteko lehen martxo askean ezarri zena, hain zuzen ere, emakume horren eskutik: emakumeek mimosa lorea eramaten dute soinean, Italiako landetan martxo hasieran ugari hazten delako aukeratua. Ikur hori asmatzeaz gain, 92 urterekin zendutako emakumeak akzio ugari izan zuen bere bizitzan zehar. Faxismoaren kontra borrokatu zen; Konstituzioa prestatu zuen Batzordeko kide izan zen, 25 urte baino ez zituela; Emakumeen Batasuna sortu zuen... bizitza demokrazia eta askatasunaren defentsaren alde eman zuen, eta, bereziki, emakume eta haurren eskubideen alde. Haren bizitzaren islaren laburpena baino ez dira bizpahiru esaldi horiek; sakonduko bagenu, zenbat irakaspen eta inspirazio ez ote genukeen irabaziko Italiako emakumeek ez ezik, edozein herrialdetakook ere. Historiaren ikuspegia zabaltzeko bada ere, autoritarismoaren kontrako borroka, erresistentzia, aditzera emateko orduan, heroi handiak eta betiere maskulinoak goratzeko joera justuagoa eta aberatsagoa bilakatzeko.

Martxoaren 12an, Teresa Mattei hil zenean, Italiako Estatuko buruzagi Giorgio Napolitanok zera esan zuen, hitzez hitz: «Ariman ematen dit min gure herrialdea basakeria nazi eta faxistatik askatzeko borrokatu zen partisana honen heriotzak». Pertsonaiaren balioa aitortzeko eta herrialde mailako sinbolo bat agurtzeko hitzak, sentituak eta benetakoak, ziurrenik. Halere, politikaren munduan horren ibilbide luzea duen agintariak, sekulako eskarmentua pilatu duenak eta bere herrialdean errespetu gehien irabazi duenak, bizirik daudenen balioa ere hartu beharko luke kontuan, une honetan Italiak bizi duen deskalabruari konponbideak bilatzeko orduan. Bizirik dauden emakumeena, esan nahi dut, egon egongo dira-eta Italian emakume prestatuak, biziak, gogotsuak, ideiaz eta proposamenez beteak. Adinekoak, beti dutelako zeresanik, baina gazteak ere bai. Napolitanok herrialdearen egoera politikoa iraultzeko eratu duen jakintsuen taldean, 10 lagunez osatuan, ez du emakume bat bera ere sartu; badirudi gauzak serio jartzen direnean, buru pentsalarien beharra dagoenean, emakumeak beste gauza batzuetan utzi eta politikak gizonen kontu bat izaten jarraitzen duela. Ez baita sinesgarria emakumerik aurkitzea ezinezkoa izango zitzaiola, beraz, bilatu ote du? Hori baita berdintasuna gauzatzeko gakoa: asmoa, intentzioa, betiko bide jakinetara jo barik.

Italiako eta mundu osoko agintariek erantzukizun hori dute beren herrialdeetako emakumeei dagokienez. Erantzukizuna dute beti ukaturiko aukerak emateko, norberaren herrialdearen etorkizunaren eraikuntzan ahotsa eta esku-hartzea izateko, eta borroka horretan bizia emanda joan direnei hitz politak eta mereziak esatea ondo badago ere, balio osoa galtzen du momentua bizitzen ari direnei muzin egiten zaien momentu beretik. Teresak nik baino hobeto esango lizkioke lau gauza Napolitanori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo