GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Patetikoa

Legebiltzarrak ez ote du askotan haurtzaindegia edo ludoteka bat ematen, Legebiltzarra izan ordez, hots, pertsona helduek pertsona helduek bezala eztabaidatu, ondorioak atera eta erabakiak hartzen diren lekua

Ez dut beste hitzik aurkitzen. Legebiltzarrean egin zen aurreko osoko bilkuran ikusitakoak ikusi ostean, ez dakit zer pentsatu. Bakea eta bizikidetza diote, baina demokraziaren paladinak, beste behin, Legebiltzarra purgatorio bihurtu eta bekatariak epaitzen ikusi genituen. Ardi galduak demokraten artaldera bildu nahirik edo. Ongiaren eta Gaizkiaren gainetik (Nietzscheren gainetik beraz), ezker-eskuin, besteen akatsak zuzentzen eta errudunak zigortzen hasi ziren. Morala egiten, alegia. Morala egiten baino, moralkeriaz jokatzen esango nuke. Ez baita gauza bera. Morala entzun orduko gorriz piztutako semaforoa etortzen zait burura. Betebeharrak agintzen digu ezin dela semaforoa gorriz pasatu, nahiz eta ez dugun beti hala egiten. Morala, hortaz, norbere kontzientziak lituzkeen betebeharrak konplitzea litzateke; moralkeria, ordea, besteek zer egin behar duten edo ez esaten ibiltzea.

Bateko iraganaren irakurketa kritikoa, besteko hau edo hura kondenatu beharra zein barkamenaren kontuarekin gora eta behera ibiltzeak moralkeria antzu horren adibide batzuk baino ez dira. Nor naiz ni semaforo gorria ez dela pasatu behar esateko, gero neuk ez badut betetzen? Egitekotan, neure jarreraz adibidea eman beharko nuke, baina ez besteei zer egin behar duten esaten aritu. Nago moralkeriaz sobran eta politikaz eskas ez ote gabiltzan. Izan ere, politikari kaxkarrak bestearen ahultasuna onartuz handitzen baitu bere burua; politikari iaioak, aldiz, norberaren ahultasuna onartzean.

Esan nahi dut Legebiltzarrak ez ote duen askotan haurtzaindegia edo ludoteka ematen, Legebiltzarra izan ordez, hots, pertsona helduek pertsona helduek bezala eztabaidatu, ondorioak atera eta erabakiak hartzen diren lekua.

Politikaren infantilizazioa (edo paternalismoa) gero eta handiagoa den honetan ez dakit oso etikoa den «zoru etikoa» ezarri nahi dutenek erakusten duten jarrera. Ez dakit, egia esan, Andre Comte-Sponvilleri kasu eginez gero, moralki oso zuzena den morala politikaren gainetik ezarri nahi izatea. Biak, politika eta morala, beharrezkoak diren arren, ezin baitira nahastu bata bestearen gainetik edo azpitik ezarriz.

Politika moralik gabe hankamotz ibiliko litzateke, morala politika gabe berdin. Ondorioz, moralik gabeko politikariak arrisku- tsuak lirateke, baita morala politikaren gainetik ezartzen dutenak ere. Morala, beraz, gutxieneko betebehar edo portaeren multzo bat dateke eta ez penitentzia eginarazteko mendekuzko aitzakia. Moralak ez du konponbiderik ekarriko, baina konponbidearen aldeko jarrera jarrera moral bat izan daiteke, arrazoi ezberdinengatik.

Dena dela, morala politika baino garrantzitsuagoa litzateke, baina politikaren praxia errealistagoa. Batak ez du bestea kentzen edo, nahi bada, batak bestea du elikatzen. Beraz, gatazkaren izaera erabat desitxuratu eta arazoa zintzoen eta gaiztoen arteko zerbait balitz legez sinplifikatzea arduragabekeria ez ezik, akats larria ere bada.

Egiaz, Testamentu Berriko fariseoen eitea hartu diet Legebiltzarreko moralista hauei.

Historiako lehen hipokritak izatearen fama zuten fariseoek. Idatzita dago.

Benetan patetikoa izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo