GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alsaziako eta Euskal Herriko ekimenek zerikusirik ez dutela esan dute hautetsiek

Alsazian lurralde egituraz egin berri den galdeketak porrota ekarri du: oso parte hartze txikia eta bateratzearen aukerari ezetza. Ipar Euskal Herriko Koordinazioak hemengo ekimena oso bestelakoa dela adierazi du.

GARA | BAIONA

Alsaziako bi departamenduak erakunde bakar batean elkartu ala ez erabakitzeko igandean egin zen bozketan parte-hartze aski tipia izan bazen ere, emaitza baliagarria izan da. Haut Rhin-en ezezkoak irabazi du; Bas-Rhinen, ordea, baiezkoak. Bi departamenduen onespena bildu beharra zuen proiektuak, eta ondorioz Alsazia lurralde elkargo bakarrean biltzeko egitasmoak ez du aurrera egin. Ekimenak gisa horretako aferetan herri galdeketak egitea bideragarria dela erakutsi du, baina emaitzak ere zer pentsatu ematen du.

Ipar Euskal Herrian jakin-mina zen, eta prozesuaren gaineko balorazioa egin du, besteak beste, Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarrak eta Batera plataformak osatzen duten Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren Aldeko Koordinazioak. Ohar batean nabarmendu duenez, hemengo eta hango prozesuak «ezin dira konparatu, ez muinean, ezta forman ere».

Ezberdintasun garbi bat aipatzen du Koordinazioak: «Euskal Herriak kolektiboki eramaten du Lurralde Elkargoaren proiektua, hautetsien gehiengo handi batekin eta gizarte zibilarekin. 2009tik Garapen Kontseiluan eta Hautetsien Kontseiluan eramanak izan diren lanek gai hau objektiboki zehaztea eta aldarrikapen batetik proiektu partekatura pasatzea bideragarri egin dute».

«Egitasmo bakoitzak herriaren lotura eta politikoki kontsentsuan aitzina eramana izatea behar du. Dirudienez, izaera hori eskas izan da Alsazian», ondorioztatu du Koordinazioak.

Hautetsien Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserrek bat egin du Koordinazioaren iritziarekin eta Euskal Herriko eta Alsaziako egoera «guztiz ezberdinak» direla ziurtatu du. «Han hautetsiak zatituak dira; aldiz, hemen gehiengoa ados da Lurralde Elkargo baten alde», adierazi du Lasserrek, Kazeta.info atariak jasotzen duenez.

Ezberdintasuna ez dela soilik ordezkari politikoen artekoa gaineratu du Lasserrek: «Herria han ez da sentsibilizatua; aldiz, hemen aspalditik eztabaida gizartean da. Bereziki aipatu behar da Garapen Kontseiluak egin duen lana». Hala ere, Hautetsien Kontseiluko presidente denak kezka ere agertu du gizartea «aspertuta» ikusten duelako.

Parte hartze txikia Alsazian

1,3 milioi alsaziarrek zuten igandean lurralde elkargo bakarra sortzeko egitasmoari buruz beren iritzia emateko aukera. Horietarik 752.108 lagunek izena emana zuten Bas-Rhin-eko departamenduan eta beste 521.754 norbanakok Haut-Rhin-ekoan. Hauxe zen galdera: «Alsaziako eskualde kontseilua eta Bas-Rhin eta Haut-Rhin-eko kontseilu nagusiak batu ondoren Alsaziako Lurralde Elkargoa sortzearen aldekoa zara?». Parte hartze txikia izan bada ere, erreferenduma baliagarria izan da.

Ipar Euskal Herrian bezala, ezagutza instituzionalaren aldeko ibilbidea ez da ez erraza ez laburra izan Alsazian. Lurralde egitura bakarra sortzeko lehen proposamena duela hiru hamarkada gauzatu zen ofizialki. Erakunde bakarra sortzeko egitasmoa aurkeztu zuen UMPk berriz ere 1990an, baina orduan ere proiektua ez zen gauzatu. 2010. urtean abiatu zen hirugarren saiakera, eta bozketa hau ahalbidetu du azkenik Parisek.

estreinakoz

Bozketa historikoa izan dela esan daiteke, orain arte Korsikan eta itsasoz haraindiko lurraldeetan soilik burutu dituztelako lurralde egiturak aldatzeko bozketak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo