GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Izen handiak ere agertzen hastera doaz

p050_f02_88x108.jpg

J.L.

Urrezko Aizkorak bi ekitaldi izango ditu gaur eta bihar. Bata Asteasun, eta bestea Leitzan, baina maila ezberdinetakoak izango dira. Gaur 23 urtez azpiko aizkolariak neurtuko dira, eta bihar, berriz, maila nagusikoak.

Lehen Mailan bosgarren ekinaldia jokatuko da, eta bihar izango da saioa Leitzako Amazabal pilotalekuan, 12.00etan hasita. Jon Irazu, Mikel Larrañaga, Felix Etxeberria, Oihan Larretxea, Xabier Mindegia, Ruben Saralegi, Julen Kañamares, Iban Resano, Jokin Alkizalete, Eneko Otaño, Arkaitz Jauregi eta Xabier Zaldua izango dira.

Jokatzeko era orain arte izan den bezalakoa izango da, aizkolariak elkar kanporatuz joango dira, bi geratu arte, eta horiek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Enbor bat mozten arituko dira, 45 ontzakoarekin hasi, eta kanporaketak pasa ahala, enbor handiagoa izango dute mozteko, 60 ontzakoa izango baitute azkeneko probakoek.

Jadanik izen handi asko ikusten dira kanporaketa honetan. Guztien gainetik Jon Irazu, Mikel Larrañaga, Felix Etxeberria eta Oihan Larretxea nabarmentzen dira.

Irazuk urtarrilean jokatu zuen apustua, eta ikaragarrizko itxura eman zuen. Berak iaz Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela jantzi zuen, eta zaleek beregan itxaropen handiak dituzte jarrita. Mikel Larrañaga da gerora begira goi mailan zaleek ikusten duten aizkolaria. Iaz ere maila honetan lan handia egin zuen, eta prestatuta baldin badago, bihar faboritoen artean agertuko da.

Felix Etxeberria beteranoak, berriz, apustua jokatu berria du, eta irabazteaz gain, oso ongi dagoela erakutsi zuen. Eskarmentu handiko aizkolaria da, eta faboritoen zerrendan dagoen beste aizkolarietako bat da, Oihan Larretxea bezalaxe. Dena dela, probak egur bat moztera direnez, ezusteak egon daitezke, honelako probetan hutsik txikienak garesti ordaintzen baitira. Alkizaletek eta Eneko Otañok, berriz, hirugarren kanporaketa izango dute biharkoa.

Gazteak

23 urtez azpikoak, berriz, gaur jarriko dira abian, 18.00etatik aurrera izango baita saioa Asteasuko pilotalekuan. Julen Kañamares, Oier Kañamares, Iker Vicente, Joxean Etxeberria, Jokin Alkizalete, Eneko Otaño, Aritz Irazabal, Julen Larrea, Eloy Kortexero, David Naredo eta Juanillo Rodriguez lehiatuko dira. Hauetako gehienak maila nagusian ere aritu dira, eta Asteasun arituko direnetako batzuek bihar ere onenen mailan aritu beharko dute.

Hemen ere aizkolariak lan motzean arituko dira, eta elkar kanporatuz joango dira lau geratu arte, eta horiek lortuko dute hurrengo kanporaketako txartela. Maila oso oneko aizkolari gazteak ikusi ahal izango dira Asteasuko pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo