GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Donostiako trafikoak ez du ezer justifikatzen

Beharbada, Iñigo Urkullu lehendakariak ez zuen aldez aurretik pentsatu atzo Gasteizko Parlamentuko osoko bilkuran Dani Maezturi esandakoa, EH Bilduko parlamentariak Petronorrek joan den astean Muskizen inauguratu zuen koke plantaren gainean zenbait galdera egin zizkionean. Fuel olioa murrizteko unitate horren eguneroko CO2 isurpena Donostiako trafikoak egun eta erdian isurtzen duenaren parekoa dela esan zuen lehendakariak, eta konparazio hori baliatuta, EH Bildu Donostiako trafikoa debekatzeko prest legokeen galdetu zion Maezturi. Ez dago argi Urkulluk Petronorren koke plantaren kutsadura txikia edo handia dela adierazi nahi zuen, baina enpresa pribatu baten interesak eta udalerri bateko trafikoa konparatzeak ez dirudi oso egokia; areago, absurdoa da. Inork ez du uste Maeztuk eta bere taldeak Donostiako trafikoa debekatuko luketenik, jakina; baina inork uste al du Donostiako trafikoak justifikatzen duela haren pareko kutsadura eragiten duen edozein proiektu abiatzea?

Muskizko planta hori, gainera, ez da edozein proiektu, herritarren borondatearen aurka atera baitute aurrera eta hartarako zituen jarduera eta obra baimenak legez kanpokotzat jo baitzituen Bilboko auzitegi batek. Lakuak, ordea, argi dauka bere hautua, epaileen ebazpenen eta herritarren desadostasunaren gainetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo