GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bildu: «Onkologikoaren etorkizuna sare publikoak bermatuko luke»

Lakuako Gobernuari eskatu diote aurrekontuetan islatu dezatela Onkologikoa sare publikoan txertatzeko asmoa. Osakidetzaren eta Kutxaren arteko akordioaren berritzea une aproposa dela iritzita, kontulari lanak utzi eta borondate politikoa eskatu die koalizioak jeltzaleei.

p019_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

«Borondate politikoa» izanez gero, Donostiako Onkologikoa sare publikoan sar daitekeen iritzia du EH Bilduk. Hala adierazi zuen atzo alderdiak zentroaren atarian. Bide batez, agerraldia bertako langileak babesteko baliatu zuten, proiektuaren etorkizuna lehenbailehen argitu dadin borrokan ari baitira. Esaterako, asteartean abiarazi zituzten sarrera nagusian elkarretaratzeak; egunero egingo dituzte (07.45ean eta 14.50ean).

Rebeka Uberak hartu zuen hitza, baina legebiltzarkidearekin zeuden, besteak beste, Ainhoa Beola eta Marian Beitialarrangoitia, «Politika antisozialen aurrean Emergentzia plana» zioen pankartaren atzean.

Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako aurrekontuak kritikatu zituen, eta eskatu zion hauetan islatu dezala Onkologikoa Osakidetzan txertatzeko asmoa, eta aintzat har dezala Lakuaren eta Kutxa Fundazioaren arteko akordio ekonomikoa aurten iraungitzen dela. «Hau da une aproposa», iritzi zion. Estatus aldaketa honek, EH Bilduren ustez, zentroaren etorkizuna bermatuko luke, baina ohartarazi zuen txertatzea ez dela gauzatuko jeltzaleek ez badiote «kontulariarena» egiteari uzten. Horregatik «borondate politikoa» eskatu zuen Uberak.

«Osasunarekin ezin da negoziorik egin -adierazi zuen-. Lehentasuna pertsonak dira, ez zenbakiak koadratzea». Zentzu honetan, kudeatzaile berrien izendapena aipatu zuen, aholkularitza funtzioa bete arren, lantalde honetako zazpi kideetako lauk Madrileko ospitale pribatu batean egiten baitute lana eta «ikuspuntu soziala baino, ikuspuntu ekonomikoa» izatea leporatu zien.

Izendapen hauei zuzendari nagusia den Almudena Moreno erantsi behar zaie. Enpresa pribatutik datorren ekonomialari honek iazko azarotik dauka ardura hori.

Langile eta sendagileek orain aste batzuk egin zuten bezala, Uberak ere Onkologikoaren betetze maila oso behean dela ohartarazi zuen atzo. Zentroak orotara 75 ohe ditu, 52 logelatan banatuta, eta okupazioa urtarril eta otsailean %30 ingurukoa izan da. Datu hauen harira, Osasun Sailari leporatu zion zentroaren «potentzialtasun eta erreferentzialtasunari» etekinik ez zaiola ari ateratzen.

EAJk AHT eraikitzen jarraitzeko dirua inbertitu duenez, EH Bilduk uste du ezin dela ekonomiaren aitzakia erabili. «Hori iruzurra litzateke», esan zuen.

gizarte ekintza

Kutxak Gizarte Ekintzan aurreko egunean adostu zuen %60ko murrizketa kritikatu zuen EH Bilduk, eta honek Onkologikoan izan ditzakeen eraginez galdegin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo