GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Cabacas hil zuen polizia karga, agerian

Zer gehiago jakin behar dute? Zeren zai daude?

IÑIGO GOGOAN HERRI EKIMENA

Iñigo Cabacas hil zuteneko 2012ko apirilaren 5eko gauean ertzainen arteko elkarrizketen grabazioek, Garak argitaratu dituen horiek, arnasik gabe utzi gaituzte, amorruak jota. Grabazioek argiro erakusten dute heriotza ez zela istripua izan, hilketa baizik. Eta hilketa horren arduradunek, eskuak Iñigoren odolez zikinduak dituzten horiek urtebete eman dutela beren erantzukizuna gezurren bidez zuritzen. Iñigo Cabacas hil egin zuten, eta hori gutxi balitz, urtebete eman dute gu iraintzen, informazioa ezkutatuz eta gaia desitxuratuz. Prentsaren bidez dakigu auzi honetaz dakigun egia apurra. Baina zer da hau? Errespetu falta ikaragarria da, batez ere Inigoren senide eta hurkoentzat!

Denboraren iragaiteak lehendik ere imajina genezakeena argitu digu: jende askok dauzka eskuak Iñigoren odolez zikinduak. Zureak lehenak, «Ugarteko» jauna, giroa lasai zela eta arazorik ez zela jakin arren, herriko tabernaren inguruetan zen jendearen aurka gogor oldartzeko agindu baitzenuen. Gertatutakoaren ondoren, zer segurtasun klase itxaron dezakegu zure moduko batengatik? Horregatik exijitzen dugu berehala egotz dezaten kargutik eta erabateko gaitasungabetzea ezar diezaioten.

Baina Ugarteko ez da eskuak odolez lohituak dauzkan bakarra: Rodolfo Aresek eta Felipe Varelak ere tamainako erantzukizuna dute, egia ezkutatzeagatik, gaia desitxuratzeagatik eta atentzioa desbiratzeagatik. Gertakarien tokian zen ertzainetako batek pilota batek zauritutako pertsona bat zegoela jakinarazi zuen, eta batak zein besteak eginiko hainbat agerralditan behin eta berriro ukatu zuten horrelakorik gertatu zenik. Dagokien erantzukizuna saihesten baino ez dute egin indar, Aresek auzia argitu aurretik Barne Saila utziz, eta Varela Sevillara aldatuz. Baina gazte errugabe baten odol orbanak ez dira berez desagertzen. Gau hartan gertaturikoaren erantzuleak dira, haiek gidatutako Barne Sailaren aginduz baitago hilik Iñigo Cabacas. Horrenbestez, egun dauzkaten karguetatik kentzeko exijitzen dugu.

Gau hartako operatiboan parte hartu zuten ertzainei dei egiten diegu planto egin dezaten, ez dezaten egin ezer gertatu izan ez balitz bezala. Pertsona bat hil zuten bertan ez zegoen poliziaburu baten aginduz! EAJren egungo Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez ditzan jarraitu aurreko Jaurlaritzaren pausoak. Eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak hautes kanpainan aipaturiko beste polizia eredu bat ezartzeko aukera balia dezala. Aurreko Jaurlaritzaren ildo lotsagarri eta arduragabeari segida emanez gero, erantzukizun maila berbera izango du hilketan.

Zer gehiago jakin behar dute? Zeren zain daude? Polizia eredua aldatzeko garaia da! Erantzukizunak asumitzeko ordua da, erantzuleak nor diren argitzeko, justizia egiteko. Baita zaharkitua dagoen polizia eredua errotik aldatzeko ere. Jendartean horren beharrezkoa den polizia ereduari buruzko eztabaidari ekiteko unea da. Herri ekimenetik ozen esan nahi dugu: Xake polizia ereduari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo