GARA > Idatzia > Mundua

Munduko gastu militarra lehen aldiz jaitsi zen iaz

Munduko gastu militarra %0,5 jaitsi zen iaz. 1998tik murriztu den lehen aldia da, Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak atzo argitara eman zuen txosten baten arabera. Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan izan diren murrizketek eragin dute jaitsiera.

p027_f02_097x092.jpg

GARA | KOPENHAGE

Europako mendebaldean eta Ameriketako Estatu Batuetan egon diren murrizketek munduko gastu militarrean ere eragina izan dute. Iaz, 1998tik lehen aldiz jaitsi baitzen, %0,5 alegia. Hala adierazi zuen atzo SIPRI Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak.

Hala ere, Europako ekialdeko herrialdeetan, Asian, Ekialde Hurbilean, Afrikako iparraldean eta Latinoamerikan igo egin da arlo horretako gastua.

AEBen atzetik, Txina eta Errusia dira arma gehien erosten dituzten herrialdeak. Horien gastu militarra %7,8 eta %16 igo zen, hurrenez hurren.

AEBek gastu militarrean lehenengo postuan jarraitzen duten arren, Sobietar Batasuna desegin zenetik, lehen aldiz murriztu egin du. Merkatu-kuota %40ren azpitik kokatu zuen, %39an, hain zuzen ere. Horrez gain, 2011rekin alderatuta, %6 gutxiago gastatu zuen, hein handi batean, Iraken eta Afganistanen zituen soldaduak murriztu dituelako.

Aipaturiko hiru herrialde horien atzetik, Britainia Handia, Japonia, Estatu frantsesa, Saudi Arabia, India, Alemania, Italia, Brasil, Ipar Korea, Australia, Kanada eta Turkia daude.

SIPRIk azaldu zuenez, joera aldaketa egon da mundu mailan. Gastu militarra Mendebaldean baxuagoa izan den arren, krisi ekonomikoaren ondorioz eta Afganistanetik soldaduak atera dituztela-eta, gainontzeko herrialdeetan igo egin da.

Sam Perlo-Freeman aditu suediarraren hitzetan, «hurrengo bi edo hiru urteetan, gastu militarrak jaisten jarraituko du, behintzat NATO Afganistanetik erabat atera arte -2014ko amaierarako aurreikusia dago-. Ez da ahaztu behar, ordea, suspertzen ari diren herrialdeetan igo egingo dela. Dena den, AEBak eta bere aliatuak dira oraindik ere munduko gastu militarraren erantzule nagusiak. NATO osatzen duten herrialdeek bilioi bat dolar gastatzen dute».

Hego Amerikan, Paraguaik gastua %43 handitu zuen, bere Indar Armatuak modernizatzeko plangintza dela-eta. Brasilek ere %3 gehiago gastatu zuen.

Bestalde, bederatzi herrialdek, Txinak, Ipar Koreak, AEBek, Estatu frantsesak, Indiak, Israelek, Pakistanek, Britainia Handiak eta Errusiak, 100.000 milioi dolarretik gora gastatzen dute urtero arma nuklearretan, horiek desagerrarazteko mundu mailan abiatutako kanpainaren arabera.

«Arma nuklearrak erosteko herrialde horiek erabiltzen duten dolar bakoitza osasuna eta hezkuntza garatzeko eta pobrezia murrizteko erabil zezaketen diru publikoa da», salatu zuen ICAN kanpainako kide Arielle Denisek. Zehaztu zuenez, herrialde horiek 17.300 arma nuklear dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo