GARA > Idatzia > Euskal Herria

EPPK-ko bitartekariek preso politikoei eta gatazken konponbideari buruzko mahai-ingurua egingo dute

M.P | BILBO

Bihar ospatuko den Nazioarteko Preso Politikoen Egunaren harira, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldeak mahai-ingurua egingo du ostegunean, EHUko paraninfoko Bizkaia Aretoan, 18.00etatik aurrera.

«Preso politikoak eta gatazken konponbidea» izenburupean, mahai-ingurua erreprimitutako zenbait naziotako ordezkariak batuko ditu zitak. Hainbat herrialdetako preso politikoen egoera, jasotako errepresio mota anitzak eta gatazken konponbidean horiek izan behar duten papera izango dituzte hizpide, besteak beste, gonbidatuek.

Bertan izango dira Hahdan Didamiri, Palestinako ADDAMMER erakundeko kidea; Oier Gonzalez, EPPK-ko bitartekari taldeko partaidea; Fayik Yagizay, Kurdistango Peace and Democracy Party (BDP) alderdiko kidea; eta Javier Orozco, CCP Kolonbiarrak Bakearen Alde antolakundeko aktibista. Eztabaidaren moderatzailea Txente Rekondo kazetaria izango da.

Bilbon egoterik ez duten beste bi partaide ere arituko dira. Seanna Walsh Irlandako Coiste na n-Larchimi erakundeko kideak eta Robert McBride Hegoafrikako ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko militanteak agurra bidaliko dute bideo bidez.

Webgune berria erabilgarri

Ostegunean gauzatuko den mahai-ingurua aurkezteaz gain, bitartekaritza taldeko kideak euren webgune berria aurkeztu zuten: www. eppk/bt.net. Bertan, beste alderdi, sindikatu eta eragile sozialekin harreman iraunkorrak izateko sortutako talde honek euren jardueren berri emango du, baita elkartasunarekin zerikusia duten bestelako ekitaldien berri ere bai.

Bitartekaritzako kideek azaldu zutenez, askotan presoen gaineko hitzak manipulatuak izaten dira, esamesa ugari izaten da, eta hori ekiditeko webgune berria erabili nahi dute. Orri hau «erreferentzia gune» bihurtzeko asmoz jaio dela nabarmendu zuten.

Halaber, EHUko paraninfoan egingo duten mahai-inguruaren web orria aurkeztu zuten Aitziber Sagarminagak eta Egoitz Lopez de La Callek. https://ppegk.wordpress.com helbidean informazioa osoa dago eskuragai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo