GARA > Idatzia > Kultura

Formatu handiko euskarazko lau ikuskizun, Nafarroako batBIRAlau kultur zirkuituan

GARA | IRUÑEA

Euskaltzaleen Topaguneak batBIRAlau Nafarroako euskal kultur zirkuituaren bosgarren edizioa aurkeztu zuen atzo Iruñean. Zirkuitua igandean hasi zen Elizondon, Anarik eskainitako kontzertuarekin, eta maiatzaren 24an amaituko da. Formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun eramango ditu Elizondo, Bera, Agoitz eta Etxarri Aranatzera.

Federazioaren zein bere kide diren Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintza lantzen dute, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituen Film Laburren Zirkuitua, «Irakurri, Gozatu eta Oparitu», Kultur Errota eta horri lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak. Horien haritik, Nafarroan euskarazko kultur programazio koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, eta aurtengoa bosgarren aldia du. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamika indartzea eta aberastea du, ikusleen bizi kalitatea hobetzeko.

Hurrengo hitzordua larunbatean, hilaren 20an, izango dute, 22.00etan, Berako Kultur Etxean Ruper Ordorikaren kontzertuarekin. Maiatzaren 4an (20.00etan) Agoizko Kultur Etxean Txalo konpainiaren «Pottola» antzezlana izango da ikusgai. Estereotipoak baztertzearren, komedia honek itxurari ematen diogun garrantzi handiegia kritikatzen du.

Maiatzaren 24an, (22.00etan) Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean Ez Dok Hiru Bikoteatro konpainiaren azkeneko lana izango da ikusgai. «Lingua Nabajorum, Euskararen historia zoroa» dibertigarria, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Jokin Otegiren azkeneko sorkuntza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo