GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak eta EEPk lankidetza hitzarmena izenpetu dute 2013rako

Urte osorako lan ildoak zehazteaz gain, akordio horrekin Gasteizko Gobernua Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko EEPri 400.000 euroko diru-laguntza ematera engaiatu da.
p016_f02_111x111.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Lakuako Gobernuak 2013. urteari dagokion hitzarmena sinatu zuten atzo. 400.000 euroko diru-laguntza ematera engaiatu da Lakua izenpetze berri horren bidez, eta bi erakundeen artean izanen duten lankidetza zehazten du.

Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik, hitzarmen hori «euskararen sustapena ardatz hartzen duen hizkuntza politika elkarrekin gauzatzeko lankidetza akordio» baten zehaztapena dela nabarmendu zuen Cristina Uriarte Toledo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak.

Diru-laguntza hori, izan ere, Ipar Euskal Herrian egitasmoak garatzeko baliatuko dutela zehaztu zuen Frantxua Maitia EEPko lehendakariak; hau da, gizarte ekimeneko eragileen lana sustatzeko.

Orotara, Euskararen Erakunde Publikoak 2013. urterako 1,6 milioi euroko funtsa aurreikusia du horretarako. Diru kopuru horren zati handiena, zehazki, 1,2 milioi euro, Seaska, Euskal Irratiak edo AEK eta gisako erakundeak laguntzeko baliatuko ditu. 350.000 euro, berriz, beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektu zehatzak diruz laguntzeko izango dira.

Lan ildo zehatzak

2013rako, hain zuzen, hainbat lan ildo zehaztu dituzte ere hitzarmen horren bidez. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren egiaztagirian baliokidetza definitzen eta antolatzen jarraituko dute, eta helduen euskalduntze sistema garatzeko laguntza tresnei buruzko azterketa ere eginen dute.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian EITBren hedapena bermatzeko elkarlanean arituko dira. Eta, azkenik, Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena ahalik eta azkarren bideratzeko asmotan daude.

Uriartek Lakuak 2013ko aurrekontuak era egokian isla zitzan «ahalegin berezia» egin zuela nabarmendu zuen. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian euskarak dituen ahulgune nagusiak bi direla gogorarazi zuen: elebidunen kopuruak galeran jarraitzen duela eta hizkuntzaren aldeko jarrera ahuldu izana herritarren artean. Egoera hori ikusirik, diruz lagunduko dituzten elkarteak beharrezkoak direla esan zuen sailburuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo