GARA > Idatzia > Kultura

Zorte txarreko musikariak

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Mundua merezi dutena baino zorte txarragoa duten musikariz beteta dago. Ados al gaude horretan? Egindako ahalegin guztiaren truke apur txiki batzuk baino jaso ez duten musikariez, haien izena inork gutxik gogoratuko duen musikariez beteta. Portzentajeren bat emateko prest? %95a? 98a?

Askotan entzuten ditugu haien protestak eta ez dira, bakarrik, bekatu, kulpa eta erredentzioz betetako historia tragikoren bateko protagonistak bere ezinegona kale gorrian oihukatzen dutenak. Errazagoa da, uste dut, «ongi» bizi diren (bizi izan diren, agian) musikarien arrangurak entzun eta irakurtzea. Apunta ezazu ongi mundua haiekin zenbatetan izan den esker txarrekoa.

Grazia egiten dit, gaixotasunen bat duzunean, haiek beti gaixotasun bera, larriago jakina, edo handiagoa duten lagun horiek bezalakoak dira; gaixo daude, ados, baino beren gaixotasuna baino ez dute ikusten. Piramidean (eta musikarena oso piramide zorrotza da) bakarrik beren gainekoak ikusten dituzte, eta behera begiratzen dutenean, berriz, ez dago inor, soilik lurrarekiko dagoen distantzia neurtzen dutela dirudi. Gero eta gertuago badago, laster... norena da errua?

Piramideek hori dute, zenbat eta gorago igo, orduan eta gogorragoa da erorketa. Sortzaile oro horretara kondenatuta gaudela dirudi, ez bakarrik musikariak. Mundu krudelaren atzapar hotzak. Horretarako ez dugu errudun askorik behar.

Oso zilegi da, on egiten badie aireratu ditzatela beren intziriak, eta musika bilakatzen badituzte egin ditzatela kantu bikainak, beraien buruak eta entzuleak asetzeko modukoak. Nahas ditzatela bazterrak, geratu daitezela lasai. Baina, bien bitartean, Josetxo Ezponda hil zen joan den egunean eta ez dut pentsatu nahi zenbat komunikabidetan eta zein orrialdetan aipatu duten berria.