GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Aretxabaletak hartu zuen Euspot sarien banaketa ekitaldia

Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan banatu ziren atzo Euspot sariak. Bigarren edizio honen gai nagusia sare sozialak eta euskara izan da. Markos Goikolea iruindarrak irabazi zuen lehen saria «Bakoitzak berea. Sarean Euskaraz» iragarkiarekin.

p053_f01_149x136.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Iaz sortu zen Euspot -Euskarazko spot lehiaketa-, Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioak bultzatuta, bi helbururekin: batetik, hutsune bat betetzeko ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan eta, bestetik, euskararen erabilera bultzatzeko esparru guztietan. Edizio honetan gaia sare sozialak eta euskara izan da.

Aurten, 22 lan aurkeztu dira Euskal Herri osoko txoko ezberdinetakoak eta, antolatzaileen esanetan, lehenengo edizioarekin alderatuta «kalitateak gora egin du eta parte-hartzea nabarmen hazi da». Izan ere, iaz bederatzi lan aurkeztu ziren eta aurten 22 lan lehiatu dira sari nagusia eskuratzeko. Kalitateak ere gora egin du, eta «lan oso dotoreak eta askotariko estilokoak aurkeztu dira».

Sare sozialak eta gazteak

Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan egin zen sari banaketa ekitaldia, Ainhoa Vitoria (Euskadi Gaztea) kazetariaren zuzendaritzapean. Hasiera eta amaiera Raul Romo saxofonistak eman zion eta Maite Goñik (sarea eta hezkuntza arloetan aditua) hitzaldia eskaini zuen. Euskara, gazteak eta sare sozialak aintzat hartuta egungo egoeraren ikuspegia eskaini zuen MUko irakasle eta Euskadi Irratiko iritzi emaileak. Gainera, 22 iragarkiak ikusi ahal izan ziren. Horien artean hiru izan ziren irabazleak: Markos Goikoleak (Iruñea) «Bakoitzak berea. Sarean Euskaraz» spotarekin lehenengo saria lortu zuen; bigarrena, Amaia Urteaga (Beasain), «Euskara sarean #datsegit» spotarekin eta, azkenik, publikoaren saria, Aitor Abaroak (Lekeitio) eraman zuen, «Ixi Boards» spotarekin. Antolatzaileek adierazi zutenez, «spot lehiaketak bi helburu ditu; batetik, hutsune bat bete nahi du ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan eta bestetik, euskararen erabilera bultzatu nahi du esparru guztietan. Lehiaketan parte hartzen duten spot horiek herritarren arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera bultzatu beharko dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo