GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bost ikasle zauritu dira Leioako eskolan presio eltze bat lehertuta

Leioako Ostalaritza Eskolan presio eltze batek eztanda egin, eta bost ikasle zauritu ziren atzo irakiten ari zen ura gainera erorita. Okerren 19 urteko neska bat (O.H.) zegoen: helikopteroz eraman zuten, berehala, Gurutzetako Ospitaleko Erredura Larrien Unitatera. Gorputzaren %14an bigarren mailako erredurak zituen, bereziki bizkarrean, baina adituek esan zutenez, sendatzeko aukera onak ditu gaztetasunagatik. Gainerakoak arinago zauritu ziren.

p019_f01.jpg

GARA | LEIOA

Presio-eltze industrial bat lehertu eta irakiten zegoen ura gainera erori zitzaiela-eta, erredurak izan zituzten bost ikaslek atzo Leioako Ostalaritza Eskolan, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Goizeko hamarretan gertatu zen eztanda EHUko campusean kokatuta dagoen baina Hezkuntza Sailaren parte den Lanbide Heziketako ikastetxe honetan.

Zauritutako lagunak 19 eta 24 urte arteko gazteak dira. Horietako hiru lehenengo mailan dabiltza eta bertze biak Baionako Ofizioen Ganberan txarkuteria ikasketak egiten ari dira, bigarren mailan. Mugikortasuna sustatzeko programa batekin egun batzuk pasatzen ari ziren Leioan. «Sud Ouest»ek agertu zuenez, Larresorokoa da bat eta Tarbekoa bertzea.

Gurutzetako Erietxeko mediku txostenak zioenez, okerren 19 urteko neska bat zegoen (O.H.). Erredura Larrien Unitatean gelditu zen medikuek behatu eta tratamendua emateko, batez ere analgesikoa. Zehaztu zutenez, gorputzaren %14an bigarren mailako erredurak zituen, %2-3ko sakonerakoak, buruan, enborrean eta bizkarraren goialdean, ezkerrean. Gainerako kideek zauri arinagoak zituzten.

Bat eskolan bertan artatu zuten eta hiru Gurutzetako Ospitalean. 19 urteko O.B.T.-k gorputzaren %8 zuen erreta, bereziki enborraren atzealdea eta goialdeko eta eskuinaldeko gorputz-adarra. 24 urteko A.I.R.-k gorputzaren %6an zuen min, enborraren atzealdean, eta 22 urteko V.C.-k %3 zuen erreta, parte berean.

Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte izan zen ospitalean bisitan. Agertu zuenez, txitxirioak kozinatzen ari zirela egosketa bukatu baino lehen ireki zuten eltzea. Halere, erran zuen ikertzen segitu behar dutela zehazki zer gertatu zen jakiteko.

Europa Press agentziak jaso zuenez, 200 litroko presio eltze batekin lanean ari zirela azaldu zuten ikasleek. Etxean erabiltzen diren eltzeetan, hamar litro inguru sartzen dira. Tamaina desberdinetakoak daude, 4 litrokoak zein 20koak.

«Ikara itzela»

Uriartek agertu zuen halako istripuak gertatu ohi direla ikastetxeetako laborategi eta tailerretan, baina «ikara itzela» izan zela. Gurutzetako Ospitalean Europa Press eta Efe agentziei egindako adierazpenetan, zaurituak «nahiko azkar, bost minutu baino gutxiagotan» erietxera ekarri zituztela nabarmendu zuen, baita osasun zerbitzua «bikaina» izan zela ere.

Ostalaritza Eskolako zuzendariak, Txemi Santamariak, kontatu zuen leherketaren ondotik dutxetara jaitsi zituztela berehala zaurituak erreduren gainean ur hotza botatzeko ospitalera eraman baino lehen. Istripu hau 30 urte zabalik daramatzan Leioako eskola horretan izandako larriena dela azaldu zuen.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministro espainiarra ere kezkatu zen ikasleez eta Cristina Uriarteri hots egin zion zaurituez galdetzeko.

lau ospitalera

Min hartutako bost gazteetatik lau eraman zituzten ospitalera, aurpegiko eta bizkarreko erredurekin. 19 eta 24 urteko ikasleak dira eta Osakidetzako arduradunek jakinarazi zutenez, inor ez zegoen larri.

baionakoak

Istripua izan zutenetako bi Baionako Ofizioen Ganberako ikasleak dira, truke programa batekin Leioara etorriak. Aste hasieran ailegatu ziren eta bukaera arte gelditu behar zuten Bizkaian teknikak ikasten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo