GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indar metaketak sendotu egin du Aske Gunean eraikitako herri harresia

Zigortutako zortzi gazteen inguruan eraiki den herri harresia geldiezina da eta handituz doa. Horren erakusle, Aske Gunean gaua eman duten ehunka lagunen konpromisoa. Bertatik, EAJri dei egin zioten atzo, «Madrilgo lege injustuak betetzera» Ertzaintza bidali ez dezala eskatzeko.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Herritarrek ondo baino hobeto erantzun diote Donostialdeko zortzi gazteak are indar handiagoz babesteko Aske Gunetik eginiko deialdiari, alegia, aurrerantzean gaua ere bertan pasatzeko deialdiari. Astearte gauean 300 lagun baino gehiago bildu ziren, lo zaku eta guzti, eta egunean zehar zifra hau etengabe handituz joan zen. Eguraldia, gainera, lagun izan zuten.

Bulebarreko herri harresia begi bistakoa zen. Hala ere, indar metaketa hau denboran mantentzearen garrantziaz jabetuta, ahaleginak eskatu zituzten bertatik, eta gaua pasatzera ez bada ere -denek posible ez dutela ulertzen baitute-, bertan egunero egiten diren ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu zuten. «Hau ez da hemen bukatu, gero eta jende gehiago etorri behar da hona», adierazi zuten bertan parte hartzen ari diren gazteek.

Erantzuna ez zaie, gainera, Donostialdetik bakarrik heldu, eta beste herrialdeetatik ere gazteak gerturatu dira.

Antolaketa lanak ere txukun ari dira egiten. Esaterako, gaua bertan igaro nahi duenak aldez aurretik informazio puntuan eman behar du bere izena -atzo 18.00etan 200 lagun baino gehiagok eman zuten-, ondoren, iluntzean, guztia hobeto prestatu ahal izateko.

Herri harresitik bertatik heldu zen, 20.00 inguruan, EAJri egindako eskakizuna, alegia, «ez dezala Ertzaintza bidali Espainiako lege injustuak betetzera. Hori da eskatzen dugun lehen neurria». Gainera, erantsi zuten «ziur» daudela alderdi horren oinarri zabala ez dela Ertzaintza bertaratu eta «gazte hauek atxilotu ondoren sei urtetarako espetxeratzearen aldekoa».

«Herri harresiaren oinarria da lege injustuak ez ditugula beteko, eta bide horretan zintzoki eskua luzatzen diogu EAJri herri harresi honen parte izan dadin», baieztatu zuten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo