Corrugados Azpeitia ixteko negoziazioa Madrilera eraman izana salatu dute
Enpresa batzordeak urgentziazko bilera eskatu du Lakuako Gobernuarekin, enpresaren bideragarritasunari buruzko posizioak zehaztu eta negoziazioa Euskal Herrira ekartzeko gestioak has ditzan, Madrilen mantentzearen helburu bakarra presio soziala aldentzea dela sinetsita.
Iraia OIARZABAL | AZPEITIA
Madrilen enpresaren itxiera ekarriko duen lan erregulazio espedientea jaso ostean, Gallardo taldeak negoziazioan hartutako bidea salatu du Corrugados Azpeitiko enpresa batzordeak ohar baten bidez. Izan ere, espediente bakarrean lau enpresatako kaleratzeak sartu izana -horietako bi EAEtik kanpokoak- negoziazioa Madrilera eramateko estrategia delakoan daude.
Enpresa batzordeak azaldu zuenez, lau enpresa horien artean soilik Corrugados Azpeitian planteatzen da itxiera. Are gehiago, beste hiru enpresen kaleratze guztiak gehituta ez dira Azpeitiko enpresaren kaleratzeen laurden batera iristen.
Hori dela eta, lau enpresetako batzordeek enpresa bakoitzak bere negoziazioa burutzea eskatu dute, «lantegi bakoitzean espedienteak arrazoi eta eragin ezberdina duelako». Gallardo taldeak, ordea, ezezkoa eman dio proposamenari.
Lan erreformak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, gatazka Madrilera eraman eta presio politiko eta sindikala aldendu nahi dituela salatu zuten ELA eta LAB sindikatuek. Horren aurrean epaitegietan errekurtsoa aurkezteko erabakia berretsi zuten. EAEtik kanpo kokatutako enpresak espediente berean egonik, kasua Auzitegi Nazionalean aztertuko litzateke. Ildo horretan, Euskal Herrian emandako ebazpen guztiak langileen aldekoak izan direla gogorarazi zuten.
Urgentziazko bilera Lakuan
Gallardok negoziazio eremua mugatzeko egindako urratsen aurrean, enpresa batzordeak Lakuako Gobernura jo du eta urgentziazko bilera bat eskatu du, Industria Sailean batetik, enpresaren bideragarritasunaren gaineko posizioa zehazteko, eta, bestetik, Enplegu Sailean, kaleratzeen inguruko negoziazioa Euskal Herrira ekartzeko.
Enpresa batzordeak azken hilotan behin eta berriz defendatutako ideia bat nabarmendu zuten sindikatuek; hots, enpresa bideragarria dela eta aurrera egiteko lan zama nahikoa baduela. Horregatik, mezu zuzena igorri zioten Lakuako Gobernuari: industria eredua bideragarriak diren enpresak babestuz defendatzen dela, alegia. «Bestela, kasu honetan bezala, 80 urteko Extremadurako pertsona batek eskubidea du eskualde oso baten ekonomia eredu osoa aldatzeko, pobreziara bidaltzeko eta bere erabakiak inposatzeko», azpimarratu zuten.
Gallardok asteartean aurkeztuko du Enplegu Ministerioan 300 langilerentzako kaleratze kolektiboa. Taldeak 100 milioiko galerak dituela eta salmentak %22 jaitsi direla argudiatzen du, eta ondorioz, enpresa ez dela bideragarria.
Enpresa batzordeak dei egin zien Urola eskualdeko herritarrei bihar Azpeitian egingo den manifestazioan parte hartzera. EH Bilduk eskualdean lanpostu galera handia gertatzen ari dela-eta kezka agertu zuen eta bat egin zuen deialdiarekin.