GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

boulder Protagonistak

Euskal blokezaleak gogotsu 8b+ graduko korapiloak askatzen

Iker Arroitajauregik, besteak beste, egun berean, Fontainebleaun, «Gecko assis» eta «Kheops assis» sinatu ditu. Ander Mendietak Larraonako «Frateli» blokearen lehen igoera lortu du, eta Ruben Diazek «Infinita paciencia», Crevillenten. Guztiak 8b+ dira.

p038_f01_250x156.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Argi dago euskal blokezaleak ez direla geldirik egoten direnetakoak. Lerrootan aurkeztuko dizkizuegun protagonistak jo eta su dabiltza, eta lortu dituzten emaitzen zerrenda da horren guztiaren isla. Espezialista hauek aski ezagunak dira orriotan, eta, egiten dituzten jarduerekin «ohitzen» ari bagara ere, aitortu behar dugu horien eskaladak azpimarratzeko modukoak direla. Ez da batere ohikoa Euskal Herria bezalako herri txiki batean hainbeste blokezale indartsu ikustea. Urte asko daramagu hori esaten, baina, hala ere, horien jardunak ia oharkabean pasatzen dira.

Suitzako espezialista batek behin aitortu zigun erabat harrituta geratzen zela hemengo blokezaleek duten sasoiarekin: «Herri txikia da zuena, baina jende oso indartsua duzue. Blokearen kultura duen beste herrialde batekoak izan balira, haien jarduerek egundoko oihartzuna izango lukete. Nik estutzen ikusi ditut, eta aitortuko dizut mundu mailan ez dagoela haiek bezalako asko».

Bada, jarraian agertuko diren horiek (beste bakan batzuk ere badira) izen eta abizenak dituzte. Azkenaldion egin dituzten jarduerei esker, derrigorrez aipatu behar ditugu. Honakoak dira: Iker Arroitajauregi, Ander Mendieta eta Ruben Diaz.

Hirurek ala hirurek erakutsi dute oso sasoiko daudela; izan ere, 8b+ graduko korapiloetan ondo baino hobeto estutzen ikusi ditugu. Bat, Fontainebleau bezalako gune entzutetsuan, bestea, etxean bertan eta hirugarrena, Valentzian.

Iker Arroitajauregi

Bizkaitarra beti dabil han eta hemen, eta, jakina, beste behin ere ez dio Fontainebleuk eginiko deiari hutsik egin. `Meka' horretan agertzen den bakoitzean beti saiatzen da bloke gogor zein izen handikoak eskalatzen edo beste batzuk zabaltzen.

Azken bidaia honetan azpimarratzeko modukoa da egun berean sinatu zituen bi bloke entzutetsu edo muturreko zailtasunean klasikoak direnak: «Gecko assiz» eta «Kheops assiz». Biak ala biak 8b+ gradukoak, eta, izenaren ondoan ondo adierazten denez, biak ala biak eserita hasita.

Beraz, bi 8b+ egun berean. Baina oraindik ere zehatzagoak izan gaitezke: bi 8b+ hiru orduko tartean! Bai, lehena goizaldeko lauretan eta bigarrena zazpietan. Irakurtzen den legez, ordu txikietan askatu zituen goi mailako bi korapilo horiek. Arroitajauregik berak «gau magikoa» izan zuela aitortu du. Espezialista hau beteranoa dugu, eta, horrela ba, ondo baino hobeto daki une zehatza zein baldintza egokienak bilatzen. Eta, zalantzarik gabe, ituan erdi-erdian jotzen du.

Bi 8b+, hiru orduko tarte berezian; zailtasun horretan lehenetarikoak Arroitajauregirentzat. Hori hil honen 19an gertatu zen. Hilabete lehenago, martxoaren 11n, «Super Tanker» egin zuen. Hots, bizkaitarraren lehen 8b+ graduko blokea Fontainebleaun. «Gecko assiz» eta «Kheops assis» bigarren eta hirugarrenak izan dira.

Zailtasunari dagokionez, horiek izan dira izar nagusiak, baina gehitu behar dugu gradu horretatik behera makina bat bloke egin dituela.

Ander Mendieta

Beteranoa alde batera utzita, protagonista gazteenari begira jarriko gara. Ander Mendietak 24 urte besterik ez ditu, baina muturreko saltsetan ondo baino hobeto moldatzen da. Min hartuta egon eta gero, berriro bere makineria puntuan jarri du. Batez ere Larraona eta Araotzen jardun du, baina Albarracineri bisitalditxoren bat egin dio. Han «Eguzki txoko» izeneko bloke bat zabaldu du. 8b gisa aurkeztu du, eta, aurreratu digunez, eserita hasita gogorragoa da: «Helburu bezala dut, eta uste dut 8c izan daitekeela».

Arrasatearrari 8c gradura iristeko gutxi falta zaio; izan ere, 8b+ zailtasuneko baten batzuk baditu. Azkena, Larraonan sinatutakoa,«Frateli» da. Duela 6 urte Carlos Dovalek zabaldu zuen, eta Iker Pou buru-belarri aritu bada ere, azkenean bloke hori egiten lehena Mendieta izan da. Eroria du eta soilik 3 pauso; beraz, izaera lehergarria duena: «Markel anaiak esan didanez Hegoafrikako blokeekin antz handia dauka».

Larraonatik irten gabe, 8a+ bat ere egin du, baina, hori bai, salto egiten den horietakoa: «Bere garaian probatu nuen eta ezinezkoa zirudien. Ikaragarria da, sabai batean bi eskuekin egiten baituzu salto helduleku kamuts batera. Gainera, erorketa handia du, eta txar samarra».

Araotzen, berriz, gipuzkoarrak Markel anaiaren «Markel basoan zutik» blokearen lehen errepikapena egin du; hori bai, egunean. Horrek ere hiru pauso ditu, eta erregeleta guztiak txikiak dira oso. Amaitzeko zabalduta zegoen 8a+ batekin ere egin da: «Basoaren semeak zutik». Berez, Mendietak bloke hori goraino eraman du; halere, uste du zailtasuna ez dela aldatzen: «18 pauso ditu, oso luzea da eta erresistentzia eskatzen du».

Ruben Diaz

Azkenik, hirugarren protagonista Ruben Diaz dugu. Bilbotarrak martxoaren amaieran, Crevillenten, «Infinita paciencia» blokearen bigarren igoera egitea lortu zuen. 8b+ gradukoa da, eta honela aurkeztu digu: «Bloke hau erabat osoa da. Teknikoa izateaz gain, keinuak ondo menderatu behar dira eta, gainera, lehergarria da. Asko gozatu nuen dituen mugimenduekin».

Horretaz gain, Almenaran, «Oroimenean» blokea (8b) sortu du.

maila handia

Iker Arroitajauregi, Ander Mendieta eta Ruben Diazek argi utzi dute oso sasoiko daudela. Azkenaldion 8b+ zailtasuneko hainbat bloke egin dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo