andinismoa Eskalada ugari
Esloveniarren agerraldi sutsua Patagoniako erpin ezberdinetan
Luka Krajnc-ek eta Tadej Kriselj-ek bide bana zabaldu dute Fitz Roy eta El Mochon. Horretaz gain, Cerro Torreko «Maestri» bidearen hirugarren igoera garbia poltsikoratu dute. Kranjcek Andrej Grmovsekin batera Paineko Ipar Dorrearen zeharkaldia sinatu du.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreratu genizuen Patagoniako erpinen denboraldia amaitu dela, baina, era berean, aipatu genizuen ere hainbat jarduera bikainen berri emango genizuela. Azken «kondarren» artean gabiltza, baina horrek ez du esan nahi aurkeztuko dizuegun eskalada multzoa txikikeria bat denik. Ezta gutxiagorik ere. Izan ere, hurrengo protagonistek poltsikora eraman duten saria potoloa zein bikaina izan bada ere, ez du ia merezi duen oihartzuna izan.
Luka Krajnc eta Tadej Kriselj esloveniarrak dira, eta aitortu behar zaie, lehen bisita izateko, agerraldi azpimarragarria izan dutela. Oso gustura sentitu dira eginiko lanarekin, eta emaitzari erreparatuz gero, lasai asko esan dezakegu gutxi direla hori lortzeko aukera dutenak.
Bi protagonista horiek egin dutenaren aurrerapena hauxe da: Fitz Royko eki aurpegian «The Real Kekec» bidea (6c+, A2, 800 m) zabaldu, El Mochon «Dulce de leche» bidea (7a, 400 m) sortu eta Cerro Torreko «Maestri» marraren hirugarren igoera garbia (fears means) egin dute. Eta Krajnc-ek eta Andrej Grmovsek-ek Paineko Ipar Dorrearen zeharkaldia poltsikoratu dute. Honen guztiaren inguruan beste aipamen bat: Krajncek eta Kriseljek Fitz Roy eta Cerro Torre 10 eguneko tartean eskalatu zituzten. Lehenbizikoan marra berria zabalduz eta bigarrenean estilo onarekin marra zaila eskalatuz.
Hori guztia gutxi izango balitz bezala, Krajncek eta Grmovsekek osatutako sokadak bi saio egin zituen: bata, Paineko Erdiko Dorrean dagoen «Riders of the storm» marra (7c, A2, 1.200 m) zail zein erakargarrian; eta bestea, Paineko Hiru Dorreen zeharkaldia. Sormen-lan eta eskalada asko eta onak, eta horri guztiari kalitatezko ukitua eman diote: era alpinoan eta jumarrak zein paraboltak erabili gabe.
Fitz Roy
Krajnc eta Kriselj El Chaltenera iritsi bezain laster, lanean hasi ziren. Lehen helburua Fitz Roy zuten, eta hango eki aurpegian, oso estilo ederrean, «The Real Kekec» marra (6c+, A2, 800 m) sortu zuten.
Bide ederra zein zaila Goretta zutoinean ireki zutena. Hain zuzen ere, «Diedro del Diablo»-ren ezkerrean hasten da. Bide hori beren herrikide historiko batzuek sortu zuten 1983. urtean: Janez Jeglic, Francek Knez eta Silvo Karok. Marra horren lehen luzea konpartitu ondoren, proposamen berriak eskuinera jotzen du eta 800 metro berri ireki zituzten. Amaiera, berriz, «Casarotto» bidetik egin zuten.
Oro har, bi esloveniar horiek lau bibak egin zituzten; horietako bat jaitsieran. Bide berriaren inguruan honakoa azaldu dute protagonistek: «Gai izan gara murru tente batean (zati batzuetan erorikoarekin) marra ederra aurkitzeko. Goretta zutoinaren gailurrera heltzeko hiru egun eta bi bibak behar izan genituen. Eta Fitz Royko tontorrera laugarren egunean iritsi ginen. Frantziarren marratik jaitsi ginen, eta La Silla izeneko lepoan laugarren eta azken bibaka izan zen. Bosgarren egunean, berriz, paretaren sarreran geunden. Tresneria guztia jaso eta Paso Superior delakora jaisten jarraitu genuen. Aipatu behar dugu hirugarren eskalada egunean jatekorik gabe geratu ginela. Hitz gutxitan esanda, abentura handia izan zen. Ezagutzen ez genuen pareta batean eskalatu dugu, eta argi geratu da oraindik eskalada berriak egiteko aukerak badaudela. Emaitza, berriz, ezin hobea izan da».
Paineko Dorreak
Krajncek Argentinako Patagoniatik Txilekora egin zuen salto. Baina bidaia lagun beste herrikide bat izan zuen: Andrej Grmovsek. Biek ala biek esku artean oso helburu ederrak zituzten. Baina, zoritxarrez, Paineko Dorreetan izan zuten eguraldia makurra izan zen oso.
Alabaina, pixka bat egonkortu zenean, Erdiko Dorrera abiatu ziren. «Riders of the storm» bidean (7c, A2, 1.200 m) saiatu ziren. Eskalada azkar bati ekin zioten, baina, 700 metro eskalatu ondoren, atzera egin behar izan zuten. Beste era batera esanda, eguraldiak ez zien batere lagundu.
Eguraldi gaiztoak atseden hartzera behartu zituen. Berriro iritsi zitzaien eskalatzeko beste aukera bat. Xedea: Paineko Hiru Dorreen zeharkaldia. Ipar Dorrean hasi ziren, eta han marra berria sortu zuten; hain zuzen ere, dorrearen ipar gailurrera iristen dena. Ondoren, dorrearen beste gailur batera jo zuten eta jarraian Ipar Dorrearen eta Erdiko Dorrearen artean dagoen lepora jaitsi ziren. Eguraldiak okerrera egin zuen. Gainera, bi eskalatzaileok ohartu ziren mantso joan zirela; izan ere, elur bigun askorekin eta haizeteekin egin zuten topo. Erdiko Dorrera abiatu bezain laster, esloveniarrek zeharkaldia egiteko asmoa alde batera utzi eta kanpaleku nagusira jaisteko erabakia hartu zuten. Ipar Dorrean eginiko zeharkaldiari «Zuko traverse» deitu diote: V, 5.10+, 650 m.
Cerro Torre
Argentinako Patagoniara itzuli, eta berriro Krajnc eta Kriselj sokara lotu ziren. Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza edo «Compresor» bidea igotzeko irrikitan zeuden, baina ez edozein modura. Fears means edo estilo onean; hots, hango iltze famatuak ukitu gabe.
Eta sokada horrek xedea borobildu zuen. Aipatutako estiloan marra historikoaren hirugarren igoera sinatu zuten, Jason Kruk-Hayden Kenendy eta David Lama-Peter Ortner sokaden ondoren. Azken bi sokada horiek aipamen berria jaso zuten Frantziako Urrezko Pioletaren sarietan. Hiru egun behar izan zituzten marraren 1.200 metroak eskalatzeko eta 7b, A1 eta WI5 zailtasunak gainditzeko.
El Mocho
Eta Patagoniara eginiko bidaia luze eta bikaina amaitzeko, bi gazte hauek beste marra berri bat sortu zuten. Cerro Torreren alboan dagoen El Mochon sinatu zuten sormen-lan berria. «Dulce de leche» izena jarri diote, 400 metro luze da eta gehienez 7a zailtasuna du.
Zabaldu eta eskalatu dituzten bide guztiak estilo alpinoan eta jumarrak zein paraboltak erabili gabe igo dituzte.
Luka Krajnc eta Tadej Kriselj esloveniar gazteek denboraldi bikaina sinatu dute Argentina zein Txileko Patagoniako erpinetan.