NSW South Mobile Challenge: Lavernhe lehena, Uranga laugarren
Amaury Lavernhek irabazi du GSS Bodyboard zirkuituko bigarren proba. Alex Uranga zumaiarrak berriz, laugarren postua eskuratu du.
Haritz Larrañaga Altuna
Munduko mutilen bodyboard itzulia osatzen duten zortzi probetatik bigarrena egin berri da Australian. NSW South Coast Mobile Challenge lehiaketako irabazlea Amaury Lavernhe izan zen eta Alex Uranga zumaiarrak laugarren postua eskuratu zuen.
Oraindik txapelketa asko falta da urtea amaitu eta munduko txapelduna izendatzeko, baina denborak aurrera egin ahala emaitzek gero eta argiago erakuts dezakete itzuliak har dezakeen norabidea.
Esateko oraindik goiz bada ere, aurtengo zirkuitua interesgarria izango dela iragar daiteke, ia ezezagunak ziren izenak azaleratzen hasi baitira.
Amaury Lavernhe
Australia hego-ekialdean aurkitzen den Kiama eskualdean egin zuten apirilaren 22an Gran Slam Series (GSS) edo maila goreneko txapelketa. Antolatzaileek leku ezezagun batera eraman zituzten lehiakideak eta olatu zoragarriak izan ziren.
Leku aldaketak arazoak ere sortu zituen, ordea. Izan ere, munduko txapelketak zuzenean ikusi ahal izaten dira Internet bidez, baina kasu honetan ez zen izan aukerarik txapelketa urrutitik jarraitzeko.
Agidanez, hasiera batean txapelketa egitekoak ziren lekuan baino baldintza hobeak izan zitezkeen beste urautsi batera mugitzea erabaki zuten antolatzaileek, baina leku hura aditzera eman nahi ez zutenez, zuzenean mundu guztiari erakusteko aukera bertan behera utzi zuten.
Behin txapelketa amaituta argitaratu zituzten argazkietan ikus daitekeen moduan, lehiakideek olatu ederrekin gozatu ahal izan zuten. Bi metroko olatu borobil eta indartsuak izan ziren, erreka haizearekin, garbi-garbiak, lehiakideek mota guztietako ariketak egin ahal izateko ezin hobeak.
Finalean, lau lehiakide izan ziren, Reunion irletako surflari bat, bi australiar eta euskaldun bat, Alex Uranga. Finalak iraun zituen 30 minutuetan jo eta ke aritu ziren laurak lehian, eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten.
Lehen postua eskuratu zuen lehiakidea, Amaury Lavernhe, Reunion uharteetako surflaria da, eta gurean nahiko ezaguna da, 2009. urtean BBK Pro lehiaketa irabazi baitzuen Sopelan egin zuten munduko txapelketan.
Soilik hiru olatu hartu zituen finalean Lavernhek, baina txapela eskuratzeko nahikoa izan zuen. Bigarren postua 2010ean munduko txapeldun izandakoak eskuratu zuen, Jones Russel australiarrak alegia.
Jones Russel izan zen txapelketan zehar puntuazio altuena jasotako olatuak egin zituena. 9,75 eta 9,5 puntuko olatuak egin zituen. Bere atzetik, paradoxikoki, puntu altuenak jaso zituen bigarren lehiakidea, Lavernhe izan zen, txapelketako irabazlea alegia.
Hirugarren postua ere australiar batentzat izan zen, Jake Stone. Eta laugarren postua Alex Uranga zumaiarrak eskuratu zuen.
Uretatik atera bezain laster sorbalda gainean eraman zuten lagunek irabazlea oholtzara. Pozarren hartu zuen irabaz saria Lavernhek eta jarraian komunikabideen galderak erantzun behar izan zituen.
Honela esan zion galdezka ari zitzaion kazetarietako bati: «Hau sentsazio zoragarria da. Aspaldi ez nuen halakorik sentitu. Negar egin nahi dut, garrasi egin nahi dut eta bihotza taupada bizian dut. Txapelketa honen parte izateaz oso pozik nago».
Alex Uranga
Txapelketa honetan sekulako emaitza lortu duen beste lehiakiderik bada, hori Alex Uranga da. Izan ere, pasa den apirilaren hiruan istripu bat izan zuen zumaiarrak eta oraindik guztiz osatu gabe egon arren itzelezko txapelketa egin du Australian.
Hossegorreko olatu indartsuetan zebilela min hartu eta Baionako ospitalera eraman behar izan zuten lagunek. Hurrengo egunean Australiarako hegazkina hartzekoa zen, baina hegaldia bertan behera behera utzi behar izan zuen. Hurrengo bi asteetan ahalik eta ondoen jartzen saiatu zen, baina oraindik guztiz osatu gabe joan zen Kiamako olatuetan lehiatzera.
Uranga Grand Slam Series itzulia egiten ari den bigarren urtea da. Alegia, munduko 24 lehiakide hoberenen artean dago iaztik. Berekin batera lehen mailako zirkuituan lehian dabilen europar bakarra frantses bat da, Pierre Louis Costes, hain zuzen ere 2011n munduko txapela eskuratu zuen lehiakidea.
Pierre Louis ere ezaguna da gurean, iazko urrian Zumaian izan zen goi mailako txapelketa berak irabazi baitzuen. Iaz, hirugarren postuan amaitu zuen GSS zirkuitua.
Uranga berriz, gelditu gabe dabil azken hiru urte hauetan. 2011. urtean, munduko txapelketa bat irabazi zuen Reunion uharteetan. Orduko hura sekulakoa izan zen, izan ere oraindik ez zegoen Grand Slam Series kategorian, eta beraz, Trialsetatik hasita finalera iristea lortu zuen.
Gainera, trialsetatik abiatuta lehen mailako txapelketa bat irabazi zuen lehen lehiakidea izan zen. Horren ostean, goi mailako itzulian sartu zen iaz, eta urte amaieran lehen hamasei postuetako bat eskuratu behar zuen goi mailan jarraitzeko.
Munduko 24 lehiakide hoberenekin lehian jarraitzeko behar zuen postua lortu zuen zumaiarrak, urtea 14. postuan amaitu baitzuen, eta aurten gogor hasi du urtea.
2013ko itzuliko lehen proban, Pipelinen, ez zuen emaitza onik lortu, baina bigarren txapelketa honetan finalera iristeak rankingean gora egiten lagundu dio. Orain Txilen (Arica) ditu begiak jarrita Urangak, han hasiko baita maiatzaren 17an itzuliko hirugarren proba.
Souza vs Eunate
Nesken kasuan, sei dira goi mailako zirkuitua osatzen duten txapelketak, eta aurtengoan, oraindik, lehen mailako itzuliko txapelketa bakarra egin dute, otsailean Hawaiin egindakoa. Pipelinen egindako txapelketa hura Isabella Souzak irabazi zuen, beraz bera da orain rankingean buru.
24 urte dituen lehiakide brasildar honek esperientzia handia du txapelketetan, aspalditik ari baita goi mailan lehian. 2010. urtean bera izan zen nesken munduko txapelduna eta iaz ere berak irabazi zuen munduko titulua. Orain bi urte ordea, 2011. urtean, bigarren postuan amaitu zuen itzulia, titulua Eunate Aguirre sopelarrak irabazi baitzuen.
Eunate Aguirre, 2011ko munduko txapeldun izandakoa da beraz, eta aurten ere goi mailan lehian ari da. Rankingean bederatzigarren postuan aurkitzen da 30 urteko sopelarra, eta arerio gazteak izan arren sasoi bikainean dagoela frogatu izan du behin eta berriz.
Laster izango du sopelarrak postuetan gora egiteko aukera, izan ere, nesken itzuliko hurrengo txapelketa, bigarrena alegia, maiatzaren 28an hasiko da Txilen eta ekainaren bia bitartean luzatuko da.
Arerioak ere gogor ari dira lanean ordea, eta Eunatek ez du batere erraza izango aurten ere munduko titulu eskuratzeko. Guztien artean, badira bi lehiakide sopelarrak kontuan hartu beharko dituenak. Batetik, Minami Hatekayama japoniarra, eta bestetik, Karla Costa Taylor brasildarra.
Hatekayama oso gaztea da, 18 urte baino ez ditu, baina iaz punta-puntan izan zen itzuli osoan zehar eta azkenean bosgarren postuan amaitu zuen. Egun, rankingean bigarren postua betetzen du japoniarrak.
Karla Costa berriz, rankingeko hirugarren postuan aurkitzen da, eta lehiakide honek ere itzelezko maila erakutsi zuen iaz.
Sorbalda gainean eraman zuten lagunek irabazlea oholtzara: «Hau sentsazio zoragarria da. Aspaldi ez nuen halakorik sentitu. Negar egin nahi dut, garrasi egin nahi dut, eta bihotza taupada bizian dut. Txapelketa honen parte izateaz oso pozik nago».
Txapelketa honetan sekulako emaitza lortu duen lehiakiderik bada, hori Alex Uranga da. Izan ere, pasa den apirilaren hiruan istripu bat izan zuen zumaiarrak Hossegorren eta oraindik guztiz osatu gabe egon arren itzelezko txapelketa egin du Australian.