Surflari ernegatua
Ereduak
Bada azken egunotan buruan bueltaka dudan afera. Datozen egunetan hondartzak garbitzeko deia luzatu dute zenbait elkarte eta erakundek. Ez da ideia batere originala, bere burua zuritu nahi duen orok tarteka proposatzen duen ekimena da, baina egin beharreko zerbait ere bada.
Urtean, ur eta argindarrean 12.000 eurotik gorako gastua duen surf elkarte bat eta herritar guztion poltsikotik eredu hori babestu eta haien gastu gehiegizkoak ordaintzeko prest dagoen udala daude deitzaileen artean. Aipatutakoa, deitzaileen perfila agerian uzten duen adibide txiki bat baino ez da, baina batez ere, norberak jarraitzen duen ereduaren adierazle da.
Ez noa ni besteena ongi edo gaizki dagoen esatera, jada urteak dira ikastolan jaso nuen heziketa kristau hura atzean uzten saiatu nintzela. Halako aferetan politikoa naiz, emaitzei begiratzen dien horietakoa alegia, eta urtean behin zaborra jasotzera joanda lor daitekeena arazoak duen egiazko tamainarekin alderatzen hasten banaiz, zertan ari naizen ere ahazten zait. Emaitza, hutsala baita.
Antolatzaileek proposatutako ekimenarekin bat nator; antolatzaileetako batzuek egunerokoan bultzatzen duten ereduarekin, ordea, ez. Ereduak, funtsean, «garbitu» baino, «ez zikindu», izan behar duela uste baitut.
2003an, «Prestige» ontzia hondoratu eta gure kostaldeak beltzez jantzi zirenean, garbitzera gindoazenak erregai bera xurgatzen duten ibilgailuetan joaten ginen inguruko koilarekin haitzak urratzera. Urte hartan, Zarauzko Surf Eskolak bere ateak itxi zituen, uraren kalitate txarra zela-eta behar bezalako baldintzak ez zirela iritzita. Askok, beti boteretsuen aldean egoteak ematen duen lasaitasunarekin, barre egin zuen, halako jarrerekin ezer lortzen ez dela esanez.
Egia da, urtean behin egin beharreko garbiketa bezala, pauso txiki bat besterik ez zen izan hura. Denak dira pauso txikiak. Milaka ekimen txiki eta denak beharrezkoak dira, baina hartu beharreko erabakia bakarra da. Zein da jarraitu nahi dugun eredua?