GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

CFA

Gero eta zailagoa dauka Avironek dagoen lekuan jarraitzea

AVIRON 0

BEZIERS 1

Jon LEUNDA

Avironek mailari eusteko gero eta aukera gutxiago ditu, eta une honetan badirudi aurten berriro ere maila galdu egingo duela, eta datorren urtean CFA 2 mailan jokatu beharko duela. Geratzen diren partidetan mirariren bat gauzatu beharko litzateke aurkakoa gertatzeko.

Orain dela bi aste gertatu zen bezalaxe, Avironek irabazi beharreko norgehiagoka izan zuen, baina aukerak ez zituen gauzatu, eta kanpotarrek hasieran izan zutena, berriz, bai, eta hortxe amaitu zen dena.

Lehen zatian baionarrek lau gol aukera garbi izan zituzten, eta ez zuten behin ere asmatu. Elisaldek izan zituen horietako hiru, baina zuri-urdinen aurrelariak ez zuen izan batere egun ona.

Bazegoen bigarren zatian buelta emango zioten itxaropena, baina ez zen ezer gertatu. Bigarren zatian Avironek beste lau aukera garbi izan zituen, baina berriro ere huts egin zuten kanpotarren atearen aurrean, eta hutsean geratu ziren.

Beziersek, aldiz, partida osoan zehar bi aldiz bota zuen Ximun Duhourren atera, eta gol bat egin zuen. Lapurtarrek garaipena merezi izan zuten, egin zuten jokoa kontuan hartuta, baina golik sartzen ez bada, alferrik izaten da, eta aurten Avironek izan duen eta izaten ari den gabeziarik handiena hortxe du. «Partida irabazi behar genuen, baina ez dugu asmatu atearen aurrean», esan zuen Manu Bafcopek, baionarren entrenatzaileak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo