GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezpata dantzariak, iragana eta oraina lotzen

Folkloreak eta dantza tradizionalek garrantzia handia izan dute betidanik gure herrian. Legazpin ere dantzak garrantzia handia izan du betidanik eta horren erakuslerik argiena ezpata-dantza da. Gipuzkako herri honetan ohitura zaharrak mantentzen dituzte, XVII. mendetik egiten zen dantza honi eusten baitiote oraindik ere.

3_ezpatadantza2.jpg

Iosu ARRUABARRENA | LEGAZPI

Legazpiko ezpata dantzaren inguruan dagoen lehenengo erreferentzia 1624. urtekoa da. Aspaldian, ekainaren 24an, San Joan egunean, egiten zen dantza hau. 1580. urteko maiatzaren 3an, ordea, herriko Mirandaola burdinolan mirari bat gertatu zen. Bertako langileak lanez gainezka zeudenez, igandean lan egitea erabaki zuten. Egun horretan, labetik burdina ateratzera joan zirenean sorpresa handia hartu zuten: gurutze formako pieza txiki bat atera zen labetik. Herritarrek, gertaera hori igandean lan egitearen zigor bat izan zela uste izan zuten, eta 1633. urtean gertakaria mirari izendatu zuten. Maiatzaren 3a herriko jai nagusia bihurtu zen orduan, eta geroztik, urtero, ezpata dantza egiten da egun honetan.

Euskal Herriko beste herrietan bezala, Legazpin ere folkloreak eta dantza tradizionalek garrantzi handia izan dute historian zehar. 1975. urtean, hau guztia berreskuratu eta indartzeko asmoz Sustraiak dantza taldea sortu zen. Aspaldian ikasitako dantzak berreskuratu nahi zituzten, tartean, ezpata dantza.

Udaleko artxiboetan begiratzen hasi ziren eta konturatu ziren 1860. eta 1872. urteen bitartean Korpusaren Zortziurrenaren egunean ezpata dantzan aritutako dantzarien ordainketa agiriak zeudela. Ordura arte ezpata dantzan parte hartzen zuen dantzarien kopurua hogei eta berrogei pertsonen artekoa izaten zen, baina urte horietan kopurua murriztu eta hemeretzira jaitsi zen. Ondorioz, dantzan sortzen zen soka oso eskasa zen eta bestelako koreografiak asmatzen hasi ziren, besteak beste «Arrosa» edo «Parrila» irudia, Sustraiak dantza taldeak berreskuratu zuena eta oraindik ere dantzatzen duena.

Artxiboetan begiratzen jarraitu zuten dantza taldeko kideek, eta konturatu ziren Oktabario edo Okrabario izenez ere ezagutzen zela ezpata dantza; izenak, hain zuzen, Korpusaren Zortziurrenari egiten diola erreferentzia eta Legazpin garrantzi handia du egun honek, orduan ospatzen baita oraindik ere aspaldikoa den oilar jokoa. Sokaz markatutako ibilbide baten bukaeran oilarra jartzen da, eta herriko gazteek, begiak itxita dituztela ibilbidea jarraitu eta oilarra aurkitu behar dute. Animalia dagoen tokira iristen direnean, eskuan daramaten ezpatarekin borobil bat marraztu behar dute lurrean eta oilarra non dagoen asmatzen duenak irabazten du.

Dantza talde herrikoia

1975. urtean sortutako talde honek dantza tradizionalak berreskuratzea izan du helburu. Horien artean, Legazpiko ezpata dantza berreskuratzeko lanetan hasi ziren 1977an, eta geroztik, historiaz betetako dantza hau egiten jarraitzen dute. Hamaika eta hamabost lagun inguruk parte hartzen du dantzan eta beste herrietan egiten diren ezpata dantzekin alderatuz baditu berezitasunak: dantzari guztien artean gidaria egoten da, eta hau, ezpatekin egindako parrilla gainera igotzen da. Dantza talde herrikoia denez, taldean aritzen direnez gain, herriko jendeak ere parte hartzen du. Horretarako, urtean zehar entseguak egiten dituzte astean behin.

Gaur egun, hirurogeita hamabost lagun inguru daude dantza taldean, berrogeita hamar haur eta hogeita bost bat heldu. Herriko jaietan egiten duten ikuskizunaz gain, Gipuzkoan zehar dantzan aritzen dira taldekideak eta aurresku edota soinu zahar txapelketetan ere parte hartzen dute. Orain, maiatzaren 12an Legazpin ospatuko den Euskal Herri mailako haurren soinu zahar dantza txapelketa prestatzen ari dira taldeko neskak. Gainera, gutxitan bada ere, atzerrira ere ateratzen dira eta iaz Pragan egon ziren, Nazioarteko Dantza Jaialdian.

Hala ere, urtean zehar egiten duten ikuskizunik garrantzitsuena eta hunkigarriena maiatzaren 3an egiten dutena da, taldekideen hitzetan. Egun horretan, ezpata dantza, soka dantza eta Gipuzkoako hainbat dantza egiten dituzte herritarrekin batera. Aurtengoan hogeita zortzi arituko dira gure historiaren parte diren dantza hauek interpretatzen. Gainera, aurten ere herritarrekin batera prestatutako larrain dantza eskainiko dute. Gure herriko historiaren zati diren dantza hauek ikusi nahi dituenak maiatzaren 3an Legazpira gerturatzea besterik ez du.

MAIATZAREN 3AN

Urtean zehar egiten duten ikuskizunik garrantzitsuena eta hunkigarriena maiatzaren 3an egiten dutena da. Egun horretan, ezpata dantza, soka dantza eta Gipuzkoako hainbat dantza egiten dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo