GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Txupinazoa botatzea polita eta hunkigarria da»

2_txupinero1.jpg

Mikel Alonso
Erraldoien Elkarteko presidentea

Hamahiru urte zituela hasi zen Mikel Alonso legazpiarra herrian antolatzen ziren buruhandietan parte hartzen; orain, hogeita hemezortzi urte ditu eta denbora honetan guztian hasierako ilusio berarekin jarraitu duela dio. Kontatu digu 1955. urtekoa dela Udaleko artxiboetan erraldoien eta buruhandien konpartsaren inguruan dagoen lehen aipamena, eta ordutik hona mantendu egin dela ohitura. Legazpiko Erraldoien Elkarteko lehendakari izendatu dute Mikel Alonso, eta berak botako du txupinazoa gaur arratsaldean.

Iosu ARRUABARRENA | LEGAZPI

Ahaztezina egiten zaio buruhandi gisa atera zen lehen aldia, oso hunkigarria izan baitzen berarentzat. Mexikarrez atera zen orduan, eta ondorengo hogeita bost urteetan ez du jantzia aldatu, nahiz eta baduen non aukeratu. Besteak beste, otsoak, beltzak, ipotxak, Pinotxok, Donaldek edota indiarrak osatzen dute buruhandien taldea.

Martxan hasi zirenetik jende asko pasa da konpartsatik eta guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Momentu honetan jendearen beharrean daudela dio, eta beraz, bertan aritzeko gogoa duen edonori parte hartzeko gonbita luzatu nahi dio, izan heldua, zaharra ala gaztea. Baldintza bakarra gogoa eta ilusioa izatea da.

Euskal Herrian dauden beste buruhandi konpartsekin alderatuta beraiena berezia dela iritzi dio. Urtean zehar, deitzen dieten herrietara hurbiltzen dira, eta ez dute ezer kobratzen. Bertara joaten dira, emanaldia egiten dute eta konpartsako guztiek bazkaria egiten dute; sortzen den giroa oso berezia izaten dela dio. Trukean, alardea antolatzen duten egunean, beste herrietako erraldoiak joaten dira Legazpira.

Gainera, beste talde gehienetan gertatzen ez den bezala, urtean zehar ez dute entsegurik egiten, nahiz eta aitortzen digun aurtengo txupinazorako zerbait prestatu nahi dutela. Jaien hasiera egunean ez ezik, maiatzaren 1eko haurren danborradan, Santikutz egunean eta Mirandaola Egunean aterako dira kalera.

Alkateari proposamena

Aurten, LEK (Legazpiko Erraldoien Elkartea) izeneko elkartea bihurtu da konpartsa eta bera izendatu dute lehendakari. Jai Batzordeak beraien konpartsa proposatu zuen txupina botatzeko eta konpartsak bera izatea erabaki du.

Uste ez bazuen ere, oso urduri dagoela aitortzen du, bere ustez, legazpiar batentzat dagoen gauzarik politena eta hunkigarriena txupinazoa botatzea baita. Gainera, orain arte txupina bota dutenek herriaren aldeko lana egiten dutela dio; beraiek ere urte luzez horretan aritu dira eta herriak lan hori aitortzea ohore handia dela dio.

Txupinero batek jaietan dituen ardurak zeintzuk diren galdetuta, txupinazoa botatzeaz gain beste lanik ez duela esan digu, baina barre artean, lerro hauen bitartez alkateari proposamen bat egin nahi dio; ikurrinaren igoeran udaletxeko balkoian egoteko aukera ematea, bere ustez, oso berezia izango baitzen. Legazpiko jaien onena beraien konpartsa inguruan sortzen den giroa eta umeen inplikazioa eta ilusioa direla dio. Dena den, antolatzen den pilota txapelketa ere nabarmendu nahi du, frontoia jendez lepo egoten delako, eta oso giro atsegina sortzen delako bertan. Hobetu beharrekoak ere badaudela iritzi du, hala nola, herriko jendearen parte-hartze eskasa antolatzen diren ekintzetan.

Aurtengo jaien aurrekontuan krisiak eragina izan duela aitortzen digu, baina hala ere, diru gutxirekin eta jendearen parte-hartzearekin oso jai onak antola daitezkeelakoan dago. Bere ustez, garrantzitsuena ez da zenbat diru dagoen, baizik eta jaiak antolatzeko garaian jendeak nola erantzuten duen.

Elkarrizketa bukatu baino lehen, konpartsan parte hartzen duten lagun, emazte, tabernari, musikari, haurrei... eskerrak eman nahi dizkie, horien guztien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako konpartsa aurrera eramatea eta ilusioa, emozioa eta poza eskaintzen jarraitzea. Legazpiar guztiei festez gozatzeko deia luzatu nahi die eta berarentzat bezala, egun ahaztezinak izatea opatu nahi die.

Askatasuna aldarrikatuz

Beste alde batetik, Herrira mugimenduak, euskal presoak etxera ekartzeko duen helburuari jarraiki, hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar. Hala, herriko jaiak direla-eta, txosna jarriko du aldarrikapena eta jaiak uztartuz. Honekin batera, maiatzaren 1erako honako egitaraua antolatu du:

18.00-19.30 Herriko presoen aldeko postal idazketa txosnagunean.

19.30ean presoen aldeko manifestazioa txosnagunetik.

Manifestazioaren amaieran brindis alaia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo