GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Made in Bangladesh»: zenbateraino da merkea ahalik eta ugari eta merkeen produzitzea?

Rana Plaza jantzi-fabrikaren eraikina kolapsatu zenetik sei egun igaro direnean, gutxienez 380 hildako eta bizirik atera direnak erreskatatzeko esperantzak desagertzear dauden honetan, «istripu» edo «hondamenditik» harago eraman behar da hausnarketa. Korporazio handiek, jantzi marka ezagunak tarteko, eta beren subkontratek daukaten pagotxa hilgarriraino, hots, munduko hegoalde pobrean milioika langileren eskulan armaden jabe, eskubiderik gabe, segurtasunik gabe, langileak espetxe-fabriketan eguzkitik eguzkira lanean, ahalik eta ugari eta merkeen produzitzera kondenatzen dituen sistemaraino. «Made in Bangladesh» izan da oraingoan, baina Haiti, Sri Lanka edo beste hainbat herritako langileek larrutik ordaintzen dute egoera bera.

Merke eta ugari produzitzea langileen interes eta segurtasuna sakrifikatzearen sinonimotzat duen kapitalismo globalizatuaren terrorearen erakusgarri honek jakina dituela arduradunak. Are, gu geu ere arduratu egin beharko gintuen. Sarri zorpetuz eta kontsumismoaren sukarretan gaixotuta erosi eta erosiz gailendu den bizimodu eta bizi ereduaren inguruko introspekzio ariketa zintzoa egitera, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo