GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gernikan, Ahaztuak elkarteak inperialismoa eta frankismoaren inpunitatea salatu ditu

GARA | GERNIKA

Ahaztuak 1936-1977 erakundeak oroimen ekitaldia egin zuen pasa den igandean, Gernikako hilerrian, Iñaki Garai Lejarreta eta Blanca Salegi Allende auzokideak omentzeko. Biak tiroz hil zituen Guardia Zibilak 1975eko maiatzaren 15ean, beren etxean Jesus Mari Markiegi ETAko militantea babesteagatik.

Euri zaparrada indartsuaren azpian, hogei bat pertsonek bi biktimen hilobiaren aurrean ekimena burutu zuten. Haien omenezko «agurra» dantzatu eta gero, Ahaztuak-eko kide batek hitza hartu, eta frankismoaren kontra borrokatu zirenen memoria eta zilegitasuna goratu zituen. Azaldu zuenez, 1937ko apirilaren 26an Gernika suntsitu zuen bonbardaketak «erregimen faxista eta antidemokratikoa ezartzea zuen helburu. Beraz, honen kontra aritutako borroka eta borrokalari guztiek zilegitasun osoa daukate, eta haien memoria omentzeko eskubide osoa izan behar dugu».

«Honekin ez dugu terrorismoa goratzen -nabarmendu zuten Ahaztuak-ekoek- erresistentzia antifaxista eta antifrankista baizik. Era berean, ez da erakunde armaturik goratzen, herriak erregimen faxista horri aurre egiteko erabil ditzakeen erresistentzia metodo guztiak baizik».

Hein horretan, memoriaren elkarteak Estatu espainolak frankismoan egindako krimenen inguruan daukan jarrera gogor kritikatu zuen: «Erregimenak bere horretan jarraitzen du. Garaiko arduradun politiko, polizial, militar eta judizialen zigorgabetasuna ez dira aldatu. Sinbolo frankistak mantentzea, edota borrokalari antifaxisten kontrako sententziak bere horretan mantentzea ereduaren jarraikortasunaren adibide garbia dira».

Inperialismoaren kontra

Bestalde, egun berean, Merkurio plazan ere elkarretaratzea egin zuten, kasu honetan, «Eraso inperialistarik ez! Gora herrien borondatea!» lelopean, azkenaldian mundu mailan gertatzen ari diren erasoak salatzeko, Venezuelan kasu. Sahara eta Palestinar herriei ere elkartasuna adierazi zieten, «hitz hutsen gainetik, oraindik haien gaineko zapalkuntza mantentzen delako, euren etorkizuna erabakitzeko aukera ukatuz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo