GARA > Idatzia > Kultura

Txalaparta eta harizko musika tresnak nahastuko dituzte Oreka TX eta Alos Quartet taldeek

Victoria Eugenian kontzertu berezia emango dute ostegunean, musika tradizionala eta klasikoa gaindituta, egungo doinuekin esperimentatuko dute. «Haritik egurrera» ikuskizun berezi eta bakarra izango da.

N.B. | DONOSTIA

Oreka TX txalapartari taldeak eta Alos Quartet hari laukoteak «Haritik egurrera» izeneko emanaldi berezia eskainiko dute datorren ostegunean, Victoria Eugeniako Klub aretoan. Musikarien hitzetan, intimoa eta oso berezia izango da, euren lankidetza «denbora kontua» besterik ez zelako.

Alos Quarteteko Xabi Zeberio biolin jotzaileak azaldu bezala, elkarrekin ezer egin ez badute ere, aspaldiko lagunak dira bi taldeetako kideak. Kepa Junkeraren «K» diskoan parte hartu eta orduan ezagutu zuten elkar. Biek ala biek euren musika tresnentzat ohikoak ez diren musika estiloak egiten dituzte: Oreka TX-k txalapartarekin euskal musika tradizionala beste muga batera eramaten du; Alos Quartetek, berriz, musika klasikoa jotzeko erabili ohi diren hari instrumentuei doinu modernoagoak ateratzen dizkiete. «Oso naturala izan da, gauzak oso erraz atera zaizkigu. Hala izatea espero genuen, kimika dagoelako, baina lanean hasten zarenera arte ez dakizu zer gertatuko den», aipatu zuen Zeberiok.

Bi taldeak berritzaileak dira, eta gauza berriak egitea da, beraz, bi taldeen oinarrietako bat. Victoria Eugeniako kontzertuan (maiatzak 2, 20.00etan) askotariko errepertorioa topatuko dugu. Alde batetik, propio sortutako kantak izango dira, eta beste alde batetik, talde baten eta bestearen kanten moldaketak. Alos Quarteten abestien kasuan, txalapartariek erritmoa gehitu diete. Oreka TX-ren lanen moldaketak, ordea, konplikatuagoak izan dira, azken batean, beste harizko musika tresnentzako partiturak sortu behar izan dituztelako (biolina, nickelharpa, biola eta txeloa). Hala ere, txalapartek gidatutako melodiatik abiatu dira.

Marinba

Oreka TX-ek, bere aldetik, musika notak ematen probatuko du lehen aldiz. Harkaitz Martinezek azaldu zuenez, afinatutako kanaberen itxurako makilak erabiliko dituzte, eta kolpatzen dituzten taulak ere afinatuta daudenez, nota desberdinak lortzen dira. «Marinbaren soinuaren antzekoa lortzen dugu», bota zuen.

Martinezen ustetan lankidetza honek etorkizunera begira ateak zabalik uzten ditu, eta ostegunekoa emanaldi bakarra izango bada ere, uste du noizbait berriro elkartu eta ateratako emaitza sakonago lantzeko aukera izango dutela. Momentuz, antzokiko Klub aretoaren giro bereziaz gozatuko du publikoak, baita musikariek beraiek ere, txoko hori erakargarria iruditzen baitzaie.

MOLDAKETAK

Emanaldian joko dituzten doinu batzuk estreinakoz entzungo ditugu. Moldaketa asko ere berriak dira. Oreka TX-ren lanak aldatu behar izan dituzte bereziki, hari laukotearen eskuetatik pasatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo