Donostiako Urgull mendiko Ingelesen Hilerria zaharberrituko dute
GARA | DONOSTIA
Donostiako sutearen eta berreraikitzearen bigarren mendeurrenaren ospakizunen harira, Udalak Urgull mendiaren iparraldean dagoen Ingelesen Hilerria zaharberritzeko lanak martxan jarriko ditu, Altzolako Ura merkaturatzen duen Balenziategi S.A. enpresarekin sinatutako lankidetzari esker. Honek, bere ur botiletan 1813ko Donostia gogora ekartzen duten etiketak jarriko ditu, urteurrena oroitzeko eta ospakizuna zabaltzeko asmoz.
Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak bere laguntza eskainiko dio Donostiako Udalari Urgulleko hilerrian indusketa lanak egiteko. Orain arte aurkitu diren gorpuzkiak 1836-37koak dira, baina uste dute 1813koak ere egon daitezkeela, sarraskian hil ziren ingelesenak, alegia. Urgullen gordetzen diren sekretuak azaleratzen, 17 eta 18 urte bitarteko 30 ikasle donostiar elkarlanean arituko dira Aranzadirekin.
Herritarrei mendeurrenaren ospakizunerako zer-nolako ekintzak nahi zituzten galdetuta, lau helburu zehaztu ziren, ekimen honekin zuzeneko zerikusia dutenak: gertaera ezagutaraztea, gogoratzea, oroitza egitea eta elkarrekin eraikitzen jarraitzea.