Skasti taldea izan da Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea
K.L. | DONOSTIA
Zarauzko Skasti taldeak irabazi du aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketa, epaimahaiaren saria ez ezik, entzuleen saria ere bai.
Joan den ostiralean Bilborock aretoan jokatu zen finala, Xabier Doncelek eta Ainhoa Urretabizkaiak aurkeztuta. Bertan, bost finalistek zuzenean defendatu zituzten beraien kantuak: Beñat Igerabide, Leyla The Nuit, Tight Leash, Eskean Kristo eta Skasti.
Lehia bizian aritu ziren bost finalistak, eta Aiora Renteria, GARAko lankidea den Pablo Cabeza eta Fermin Etxegoien aritu ziren taldeen zuzenekoak epaitzen. Epaimahaikideen esanetan «lan zaila izan zen bost finalisten artean bakarra hautatzea».
Ordurako jakina zen Skasti taldearentzat zela Entzulearen Saria, eta ostiraleko emanaldian ikusitakoaren arabera, zarauztarrentzat izan zen Epaimahairen Saria ere.
2005ean jaio zen Skasti talde zarauztarra. Hasiera batean bost lagunek osatu zuten Skasti, baina gaur egun bederatzi musikari daude taldean. Ska eta reggae musika dute oinarri, baina dance eta rap ukituak ere badituzte Skastiren kantuek.
Irabazleak 2.000 euro lortu ditu dirutan, 3.000 euro materialean eta 2013ko Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du. Entzulearen sariko 2.000 euroak ere eurentzat izango dira.