LITERATURA
Tere Irastorza Bread for the Soul jaialdian izango da
Pen American Centerrek antolatu duen Pen World Voices izeneko jaialdian hartuko du parte Tere Irastortza euskal poetak, maiatzaren 3an, New Yorkeko Unibertsitatean. Jaialdi nagusi horren barruan antolatutako Bread for the Soul ekitaldian hartuko du parte. Jaialdi horretan New Yorkeko Unibertsitateko nazioarteko etxe guztiek ere hartuko dute parte.
Arratsaldeko lauretatik seietarako ekitaldian izango da euskal ordezkaria, eta bertan bere poemak euskaraz eta ingelesez irakurriak izango dira. Horrez gain, beste bi poeten lanak ere irakurriko dituzte saio horretan, bata katalana, Melcon Mateu, eta bestea, Odi Gonzales, kitxua. Aurkezpen horretan, «Eta orain badakit» libururako Aitor Furundarenak sortu eta Garikoitz Mendizabal eta Iñaki Telleriarekin grabatutako musika ere erabiliko du idazleak, eta bere azken hiru poema-liburuetako testuak irakurriko ditu. Tere Irastortzaren poemak ingelesera, italierara, gaztelerara, katalanera, gailegora eta frantsesera itzuliak izan dira hainbat antologiatan, aldizkaritan eta liburutan.
Oraingoko ekitaldirako Sara J. Trutlek itzuli ditu. Ingelesera eta beste hizkuntzetara lehendik itzulitako beste poema batzuk bere webgunean ikus daitezke www.tereirastortza.com orrian.