GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria

Oroituz

Aurreko batean, kontaketa saio bat amaitu ostean, emakume bat gerturatu zitzaidan esanez euskal kontu zaharrak entzun ondoren, bere amamak kontatzen zituenak ekarri zituela gogora. Harekin zebilen lagun batek ere txikitako etxeko kontuak ekarri zituen gogora. Noiz kontatzen ziren, nork kontatzen zuen, zer istorio. Telebistarik gabe etxean nolabait pasa behar zen denbora. Behin baino gehiagotan gertatu izan ohi da norbait halakoa. Batez ere ipuin zaharrak kontatuz gero. Ipuinak kontatzea etxeko denbora pasa gisa, ez da hain aspaldiko kontua. Etxea espazio familiarra baina era berean komunitarioa zen. Eta familiako kontuetarako ez ezik, kultur transmisiorako espazioa ere bazen, ipuinak kontatzea transmisio horren zutabeetako bat zelarik.

Ipuinak kontatzea ez da kontatzea; ezta ere entzutea. Ipuinak kontatzea oroimen ariketa da. Bide fantastikoetatik barrena kontalariak, oroimenak eraginda, istorioak sorrarazten dizkion sentsazioak, irudiak, gogoetak, eskainiko ditu, entzulea antzeko bideetan abia dadin. Entzuleak kontalariaren antzeko lana egin beharko du, alegia, entzuten eta ikusten ari denarekin oroimena dantzan jarri eta bere baitara bidaiatu, ipuina aitzakia.

Kontalaritza oroimenaren jolasa da, edo ez da. Ipuinak kontatzerakoan beste lurralde batzuetara goaz, fantastikoak batzuetan, errealak besteetan, baina guztiak gure barneko zokoren batean gordeak. Horiek astinduz gure izatearen gaineko gogoetan arituko gara, izan ginena, garena, izan nahiko genukeena. Bizitzaren bidezidorrak ulertzeko oroimen bidaiak egin ohi ditugu. Eta kontatzean, abiatu egiten gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo