GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Agirre | Informatika Sailburua. UEUkidea

Telefonoak eta informatika

Telefonoek Internetekin eta informatikarekin hartu duten olatua, sakeleko telefonoen erabilera askotarikoa, mezularitza, geolokalizazioa, euskaraz dauden aplikazioak eta abar ezagutzeko aukera izango dugu

Azken hiru urteetan informatikaren munduan beste iraultza bat jasan dugu. Web guneen lehentasunari gizarte-sareek hartu zioten aurrea bezala, gaur telefoniak eskatu du premutasuna. Gaur egungo sakelako aurreratuak poltsiko-tamainako ordenagailuak dira.

Samsung Note bezalako sakeleko batekin telefonoz deituz gain, posta elektronikoa, sare sozialak eta zure ofimatika fitxategiak editatzeko gai bazara, zertarako behar duzu ordenagailu eramangarri bat? Egia da teklaturik gabeko tresna dela, baina zer axola zure ahotsa izkiriatzeko gai bada? PC eta mugikorren arteko muga lausotzen ari da.

Garatzeko bidean dauden herrialde batzuetan, Indian alegia, interneteko trafiko gehiena sakelakoetara doa. 2015erako mundu osoan horrela izango delakoan daude adituak.

Telefoniaren aurrerakadak gizartean eragina izan du. Hitz egiteko prest egoten, kokapen zehatza ematen zerbitzu berri eta informazio handiaren truke gure pribatutasuna saltzen dugu oharkabean. Hacktibismoa areagotu egin da, bai eta kontrol soziala ere bai. Ikusgarria izan da Espainian 15-M mugimenduak izan duen indarra, eta segurtasun indarren bortizkeria salatzeko gaitasuna.

Honen karira, Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailak Informatikari Euskaldunen Bilkura antolatu du. IEB2013 bilkura egonkortu honen IX edizioa da. Edukietan zorrotz baina giro informalean, artearen azken aurrerapenak aurkeztuko dira maiatzaren 8an. Biltzar honen helburua informatikari euskaldunen arteko harremanak lantzeaz gain teknikoak ez diren lagunentzat ezagutza eskuragarri jartzea ere bada.

Egunean zehar telefonoek Internetekin eta informatikarekin hartu duten olatua, sakelako telefonoen erabilera askotarikoa, smartphone-etarako aplikazioen programazioa, IP telefonia, mezularitza, geolokalizazioa, eskura dauden tresnak eta sistema eragileak, web-zerbitzuen erabilera, euskaraz dauden aplikazioak eta abar ezagutzeko abagunea izango dugu.

Bilkuran esperientzien eta proiektuen berri emango dugu eta euskaraz garatutako azken softwarea ere aurkeztuko dugu. Izan ere, komunikazioak hiru lerrotan antolatu ditugu. Goizean hasteko, mugikorretarako sistemak eta sarea lerroa jorratuko dugu. Hau izango da, nolabait, lerro teknikoena.

Bazkaldutakoan bi lerro paralelo eramango ditugu. Batean hezkuntzara bideratutako baliabideak aztertuko ditugu. Irakasleentzako kala oparoa izan ohi du lerro hau. Bestean, mugikorretarako aplikazioak landuko ditugu. Sakelakora jaisteko punta-puntako aplikazioen ezaguera egiteko aukera paregabea izango dugu, hortaz, Donostian.

Gaian interesa duen edonork parte har dezake. Beraz, anima zaitez. Jardunaldia dohainik da, baina, mesedez, maiatzak 6 baino lehen izena eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo