GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO | Kazetaria

Adin txikikoen erabileraz

Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten du, baina irudiak dioena gustukoa ez badugu, berbak dira interpretaziorako tresna. Arnaldo Otegiren eta Jesus Egigurenen alabak protagonista izan dituen argazkiak zeresan handia eman du eta batzuek demagogia ariketa ederra egin dute sinbolismo handiko irudia desitxuratzeko asmoz. Vocento taldeko «El Correo» egunkariak `Bakearen belaunaldia' ikusi bazuen ere, anaia duen «ABC»-k «Usando a menores para la causa proetarra» titularra jarri zion argazki berari.

Ez naiz oso «ABC» zalea, baina badut Vocentoren linea editorialaz iritzia emateko adinako ezagupena eta panorama mediatikoa aberastea eskertzen badiot ere, gehiegizkoa deritzot nork eta «ABC»-k adin txikikoei buruzko lezioak eman nahi izateari. Bere hemeroteka propiora jo beharko luke «ABC»-k. Bertan topatuko ditu abortatzen duten emakumeak haur-hiltzaileak direla eta lesbiana eta gayen haurrak erasotzaile potentzialak direla dioten iritziak, adin txikiko asko sexualki eraso dituzten apaizak biltzen dituen Eliza katolikoaren apologia egiten duten orrialdeetan.

Egunkari denen moduan, Bangladeshen behera etorritako eraikinaren berri eman du «ABC»-k, eta hildako asko mendebaldean merke erosten ditugun arropak josten zituzten langileak zirela esan diguten arren, antza, «ABC»-ri ahaztu egin zaio bere iritzi artikulu askotan behin baino gehiagotan goraipatu duten Inditex-eko lehendakari Amancio Ortegaren izena aipatzea, bai ahaztu ere horrenbeste goratzen duten enpresariak adin txikikoak lanean dituzten fabrikak dituela han eta hemen ere. Leporatu diezadatela niri ere demagogia, baina jarri Gernikako argazkia eta Bangladeshekoa eta esadazue nork erabiltzen dituen adin txikikoak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo