GARA > Idatzia > Kultura

Planoetatik lorategira, arkitekturatik herriak ulertzeko beste modu bat

Arkitekturaren eta herritarren arteko «lubakian zubiak eraiki» eta herriko planoei interpretazio artistiko bat eginez beste irakurketa bat egitea dute helburu Inhar Agirrezabalek eta Garbiñe Pedrosok. «Zarautz, loraldi berrian» proiektuarekin Daniel Txopitea arte sorkuntzarako beka eskuratu dute eta Zarauzko itsas pasealekuan ari dira lanean hilotan.

p038_f01_177x124.jpg

Ane ARRUTI

Plano bakoitzak eskaintzen duen espazioa ulertzeko moduak berrikusi eta horien gainean interpretazio artistikoa eginez, etorkizunean zein motatako herriak nahi ditugun irudikatzea eta gauzatzea du oinarri Inhar Agirrezabalek eta Garbiñe Pedrosok esku artean duten proiektuak. Zarautz hartu dute aztergai; izan ere, Daniel Txopitea arte sorkuntzarako beka abiatu zenean bururatu zitzaien proiektua, 1997an zendu zen artista omendu eta herriko sortzaileei bultzada emateko asmoz Zarauzko Udalak lehenengo aldiz bultzatutako beka, hain zuzen. «Artea herritarrengana hurbiltzea xede duen egitasmo honen baitan, haien eguneroko jarduerak ospatzen diren herriari begirada artistikoa, hein handi batean poetikoa, eskaintzearekin, herritarrena den esparruan era eraikitzailean eragingo da», azaldu zuten bi arkitektoek. «Planoen atzean zer dagoen azaleratu nahi dugu beste modu batera eta gure ikuspegia erantsiz».

Bekak eskaintzen dizkien 3.000 eurorekin, dagoeneko itsas pasealekuan kokatuta dagoen Sortaldea kultura eremuan ari dira lanean. Internetez ere jarrai daiteke euren lana, txopiteabeka.2013.wordpress.com atarian. Hiru fasetan banatu dute proiektua eta udan, herritarren laguntzaz, lorategi maketa erraldoi bat osatuko dute itsas pasealekuan bertan.

Lehenengo lana garai ezberdinetako planoak hartu eta horiek aztertzea izango da, Zarautz nola aldatu den ikusteko. «Lehen alde zaharra bakarrik zena, itsasotik pixka bat aparte, nola pasa den itsasora begiratzera eta nola hazi den gaur egun ezagutzen dugunera arte, planoen interpretazio artistikoa eginez». XIII. eta XV. mendeko planoak dituzte zaharrenak. «Montetxioren babesean abiatzen da herriko nukleoa eta gero pixkanaka badoa konkistatzen padura zena». Turismoak bultzatu zuen ondoren herria iparraldera zabaltzea. «Pascual Madoz iristen denean, Espainiako gortean Zarauzko hondartza eta itsasoko bainuak famatu zuena, iparraldeko frente guztia ekialdera aristokratek inbaditu zuten, eta herria hasi zen nukleo horretatik hegoaldera zabaltzen».

Bigarren fase batean, plano horietatik hirugarren dimentsiorako pausoa egingo da, bolumena emanez. «Asmoa da maketa bat egitea, oinarrian gaur egungo Zarautz jarri eta, hiru dimentsiotan, XX. mende hasierako Zarautz, aldaketa ikusteko».

Prozesua biribiltzeko, azken urratsa itsas pasealekuan jendaurrean eta herriko haurren parte hartzearekin gauzatuko dutena izango da. Lorategi-maketa erraldoi bat egingo dute, egurrez eta landarez osatua, «Zarautzen etorkizuneko metafora izan nahi duena», azaldu zuen Agirrezabalek. «Planoak zerbait objektibotzat ditugu, baina azkenean bakoitza marrazteko moduan ez da hain objektiboa, zerbait kontatzen du, garai batean gauzak nola ikusten ziren». Proiektua «aitzakia bat» da azkenean jendeak Zarautzi buruz hitz egiteko, «nola garatu den eta nola nahi dugun garatzea. Izan ditugu ekarpen ezberdinak eta hori da interesgarria, bakoitzak bere esparrutik zer herri nahi dugun azaleratzea».

Lorategi honek «guztiz metaforikoa izan nahi du, elkarri laguntzen dioten landareak konbinatuz, azkenean hirian ere elkartzen garelako batzuk besteekin elkar laguntzeko», azaldu zuen Pedrosok. Itsas pasealekua hautatu dute, landareentzat «leku gogorra» denez, «deskontestualizatuz inpaktu handiagoa izan dezan», baina ondoren herriko anbulategiaren ondoan jartzea da asmoa, Txopitearen eskultura batez lagunduta.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo