Guantanamo: legearen eta gizateriaren aurkako kontzentrazio-esparru baten orban ezabaezina
Guantanamo orban ezabaezin bikoitza da Ameriketako Estatu Batuentzat. Batetik, Kubaren bihotzean kokatua den enklabe kolonial arkaikoa da eta, bestetik, ez bere legeak ez nazioarteko legedia humanitarioa errespetatzen ez dituen kontzentrazio-esparrua da. Lur jota, esperantzarik gabe eta axolagabetasun publikoaren biktima, 166 pertsona dauzkate preso, eta kalkulu ezberdinen arabera, ehunen batek bizi baldintzen eta atxiloaldi mugagabearen aurkako gose grebari ekin diote. Horietatik asko sudurzulotik urdaileraino tutua sartuta behartuta ari dira elikatzen, medikuntzaren etika urratzen duen praktika basatian.
Duela bost urte egin hauteskunde promesa berritu du Obamak; hots, «garestia, ez eraginkorra, gure nazioarteko posizioa higatu eta estremistak errekrutatzeko lanabes delako» Guantanamo itxi egin behar dela. Hori egitea, baina, bere ardura da eta ez beste inorena. Ezin dio iskin egin, Pentagonoko burokraten oztopoei errua egotziz. Guantanamoko presoen egoerak kinka larrian, bere horretan dirauen bitartean, epaiketarik gabe, kargurik gabe, lege orori destaina eginez... diktadura anker baten pare jokatzen duen herrialde baten presidente izango da Obama.