GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aramaioko Udalak herritarren eskaerei erantzuteko eskatu dio ADIFi

AHTren obrak zirela-eta Arrasate eta Aramaio lotzen dituen errepide nagusia itxita egondako urtebetetik gorako tartean, alternatiba gisa erabili zuten bidea egokitzean, Aramaioko Udalaren eta herritarren eskakizunak kontuan izateko eskatu diote ADIFi.

p013_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

Untzilla eta Zabola auzoen arteko errepidea konpontzeko orduan biztanleen eskaerak kontuan hartzeko eskatu dio Aramaioko Udalak ADIFi. AHTren lanen ondorioz, Arrasatera doan errepide nagusia itxita egon zen urtebete baino gehiagoz eta, alternatiba gisa, bide hori utzi zieten. «Obrak egiteko ardura zuen enpresak txukundu zuen, baina horretaz gain, lan osagarriak egin behar izan genituen. 36.973 euro kostatu zitzaigun eta faktura guztiak Sustapen Sailari eta ADIFi bidali genizkion, baina oraindik ez dugu ezer kobratu», azaldu zuen Ramon Ajuria alkateak, atzo goizean Lierni Altuna alkateordearekin eta auzokide kaltetuekin batera egindako agerraldian.

Hori gutxi balitz, bidea egokitzeko lan horiek presaka egin zirenez, arazoak sortu direla salatu zuten. «Negua gogorra izan da eta luiziak etengabe izan ditugu. ADIFek hori guztia konpontzeko konpromisoa hartu zuen eta oinarrizko proiektua aurkeztu zuen. Ez geunden egitasmoarekin ados eta horregatik, hobekuntza batzuk proposatu genizkion». INGEK Ingeniaritzak egindako txosten bat hartu zuen oinarri ADIFek proiektua osatzeko. Akatsak ikusi zituen bidea egokitzeko obran, baina ez ditu zuzendu eta hori ere exijitu zion Udalak. Adibidez, drainatzeak ez du ongi funtzionatu eta luizi eta arraste ugari izan dira. Ezegonkortasun horiengatik, galtzadara materiala erori eta mendoitzetan irristatzeak izan dira.

Aurreko astean, apirilaren 26an, Udalak idazki bat jaso zuen. Agiriak oinarrizko proiektu hori onartuta zegoela iragarri eta alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea zutela azaltzen zuen. «Azpimarratu nahi dugu proiektua apirilaren 17an onartu zela ia ezkutuan. Buletin Ofizialean argitaratzearekin batera, gaia iragarritzat eman zuten eta gure auzokideek aste bat baino gutxiago dute orain alegazioak aurkezteko», salatu zuten.

Aramaioko biztanleek kontuan hartuak izan nahi dute eta horregatik, alegazioak aurkezteko epea 15 egun luzatzeko eskatu diote Madrilgo Gobernuari. Kaltetuei kalte ordainak ematea ere eskatzen diote. Udalaren ustez, ADIFek eragozpen guztiak gutxitzeko ahalegina egin behar du eta, batez ere, eremu pribatuetara joan-etorriak bermatu behar ditu. Azkenik, gogorarazi zuten Aramaioko biztanleen gehiengo zabala azpiegitura honen kontra agertu bazen ere, ondorio guztiak pairatu dituztela.

«EZKUTUAN»

ADIFek proiektu bat aurkeztu du arazo anitz dituen bidea moldatzeko, baina Aramaioko Udalak salatu duenez, «ezkutuan» egin du, bizilagunek alegaziorik ez jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo