Frackinga behingoz debekatzeko eskatu du EH Bilduk
I.S. | GASTEIZ
EH Bilduk frackingarekin zerikusia duten proiektuak behingoz debekatu ditzala eskatu zion atzo Arabako Foru Aldundiari. Luis Casadok koalizioko batzarkideak gogorarazi zuen eskaera hori agertzen dela jada abenduan herrialdeko Batzar Nagusiek onartutako mozio batean, eta PPk ez dituela Ganberaren aginduak betetzen kritikatu zuen.
Politikariak Kontroleko Osoko Bilkuran esan zuen bezala, Batzar Nagusiak osatzen dituzten talde politikoek orain arte ez dituzte eztabaidatu eskisto gasa erauzteko teknika debekatzeko martxan jarri behar diren legeak. «Foru Aldundiak errespetu gutxi die batzarrei, oraindik ez baititu aurrerapausoak eman frackingaren debekuan», azpimarratu zuen.
Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, Marta Ruizek, Aldundiak ezin duela frackinga debekatu erantzun zuen. Beste bilkuretan egin duen moduan, gasaren ustiapena ez dela Arabako Aldundiaren eskumenekoa errepikatu zuen diputatuak.