Maider Eizmendi Kazetaria
Amaren eguna
Bai, lehen ere idatzi dut maiatzaren lehen asteburuan amei egiten zaien gorazarreaz. Bai, nik ere igande goizean deitu eta esan nion «zorionak», egun honen inguruan dudan pentsakizunarekin neure burua kontraesan txikian jarrita. Kontraesan horrek ez dit ordea, gogoratu ez banintz amak akaso egingo lidakeen aurpegiratzeak adina enbarazurik egiten. Eta tira, hura eragozteko protokoloa jarraitu nuen.
Goizeko deia ahaztu zitzaidan ospitaleko atarira iritsi eta lore denda zabalik ikusi nuen arte. Han zebilen arratsaldean oraindik jendea jo eta su loreak erosten. Atentzioa deitu zidan bi mutikoren irteerak. Ospitaleko atariari jolastoki tankera nola hartu ezinda zebiltzan, jo batera eta jo bestera, izeba etorri eta bakoitzari lore sorta bana eman zienean. «Amaren eguna da gaur eta eman loreak eta zoriondu!», agindu zien. Esandako bete zuten, txintxo: amagana gerturatu, zorionak eman eta esku arteko landareak eman zizkioten, izebak adina emozio agertu gabe. Gogoratu nintzen nire amak ere ospatu zuela behin amaren eguna ospitalean. Bosten bat urte izango nituen nik. Bakoitzari bere aldetik, izeba bati, aitari eta bizilagun bati eskatu nien, nire oparia erosteko. Eta noski, guztiek egin zidaten kasu. Hala, igandean ospitalera iritsitakoan, eskolan egindako marrazkiarekin, lore batekin, lepoko painelu batekin eta eskumuturreko batekin iritsi nintzen ospitaleko gelara, nire txikitasunean handi-handi eginda. «Asko maite duzu zuk ama e?», galdetu zidan aldameneko ohean zegoen emakumeak.
Seguru nago, orain bezala, amaren egunaren karietara bonbardaketa itzela jaso nuela amaren eguneko oparien inguruan. Pasa den astean telebista ikusi duen inori, izan ere, ezin izan zaio oharkabean pasa igandeko ospakizuna. Haren aitzakian kaleratu diren ikerketa batzuk ere ez dira oharkabean pasatzekoak. Badakizue haietako batek frogatu duela ama eta haurraren artean harreman bereziak sortzen direla eta horiek haurraren ongizaterako funtsezkoak direla? Datu berriekin dotoretutako mezu zaharra berriz. Behin baino gehiagotan pentsatu dut ea igandean bi amatxo zoriondu zituzten haurrak kontuan dituzten aitaren lekua apenas kontuan hartzen duten ikerketok. Haiek ere ez dira oparien iragarki eta ikerketa «sendo» hauek apaintzen dituzten ereduan sartzen.