GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Altzibar Euskaltzain urgazlea

Karmele Rotaetxe Amusategi

Guztira bospasei baino ez ziren ikasle emakumeak Deustuko Unibertsitatean. Karmele izan zen lehenengo lizentziaduna eta bakarra urte hartan

Karmele Rotaetxe hizkuntzalari bilbotarra hil da, gaixotasun larri baten ondoren. Karmele ezaguna izan da euskararen munduan euskaltzale eta unibertsitate-irakasle legez, eta batez ere hizkuntzalaritza lanengatik. Bere liburu eta ikerlanetan euskararen azterketari maila zientifikoa ematen ahalegindu da.

Karmele Rotaetxek ekarpenak egin dizkio euskal hizkuntzalaritzari tipologiaren eta azentuaren arloetan. Euskara hizkuntza ergatiboa dela defendatu du, eta ez flexiboa baizik eranskaria edo aglutinantea. Karmelek askotan azpimarratu du hizkuntzalaritza eta hizkuntzen tipologia ezagutu beharrekoak direla euskara sakonki aztertzeko. Haren ustez, euskarak bere nortasuna du baina antzekotasun handiak ere baditu Europako beste hizkuntza batzuekin.

Karmele nortasun handiko emakumea izan da, bide berriak urratu dituena Unibertsitatean eta euskararen irakaskuntzan. Bilbon jaio zen eta Bilbon bizi izan da. 1937an, gerra garaian, bere familiak atzerrira joan behar izan zuen eta Bordele inguruko herri batean ikasi zuen eskola publikoan eta Bordeleko lizeo batean batxilergoa egin. Bilbora itzuli eta 1962an Deustuko Unibertsitatean hasi zen irakasle gisa frantsesa irakasten, Filologia ikasten zuen bitartean. Guztira bospasei baino ez ziren ikasle emakumeak Deustuko Unibertsitatean. Karmele izan zen lehenengo lizentziaduna eta bakarra urte hartan. Harena izan zen lehenengo tesina Deustuko Unibertsitatean. Simone de Beauvoir-i buruz egin zuen, proposatu ziotenaren kontra, eta bikain atera. Hori guztia ez zen batere ohikoa eta, beraz, Karmelek gizartea eta Unibertsitatea aurrerabidean ipini ditu, emakumea «bigarren sexua» ez dela frogatuz.

Deustuko Unibertsitatean 16 urte jardun ondoren frantsesa eta Frantses Filologia irakasten (1962-1978), euskarako lehen eskolak ere eman zituen, P. Altuna jesuitarekin batera. Tesia prestatzen hasi zen eta K. Mitxelena aukeratu zuen zuzendari. Euskara mintzatuari buruz egin zuen, Ondarroako euskarari buruz, hain zuzen, eta 1977an aurkeztu zuen («Estudio estructural del euskera de Ondarroa», 1978).

1977an Bilboko Unibertsitate Autonomoan euskarazko lehen eskolak ematen hasi zen, unibertsitate publiko batean lehenak, kazetaritzako unitate delegatuan. 1979an Gasteizko Filologia eta Geografia Historiako Fakultatea sortzean, hara deitu zioten. 1987an Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra irabazi zuen. Gasteizko Filologia Fakultatean ia 20 urtean irakasle izan eta gero, 1998an Leioako Zientzia Politikoko lizentziaturan Hizkuntza Politika irakatsi zuen euskaraz eta erdaraz. Irakasle emeritu izanda, doktorego eskolak ematen jarraitu zuen, orain dela gutxi arte.

Karmele Rotaetxek zenbait liburu argitaratu zituen: aipatu tesi-liburuaz gain, «Lingüística Aplicada» (1984) eta «Sociolingüística» (1987). Askoren arteko liburu zenbaitetan parte hartu du eta 150 bat artikuluren egilea da. Mendebalde Kultura Era-kundeak omenaldia egin zion 2008an.

Karmele euskaltzain ohorezkoa eta Gramatika Batzordean langile jarraikia izan da urte askoan, azken unera arte.

Biriketako minbizia zuela jakinda, heriotzari aurre egin dio, adorez, bizi guztian bezala. Udaberria jaiotzen ikusiko ez zuela esan arren medikuek, ia udaberriaren erdira arte bizitzeko borrokatu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo