Itsasoa, arrantza eta sektorea kinka larrian
Gauza jakina da arrantzak gero eta errentagarritasun txikiagoa duela, Europar Batasuneko arrantza politikak, bere erregulazio eta kontrol-tresnak porrot egin dutela, arrantza gainustiapenak hainbat habitat eta ekosistema atzerabueltarik gabeko egoera batetara urreratu dituela. Euskal Herrian egundaino ezagutu dugun arrantza eredu bera -artisaua, amu, otar eta sareekin egindakoa-, desagertze bidean egon daitekeela erizten diotenak ugaritu dira eta, fatalismoa dirudien arren, uste hori indartzen duten datu eta berririk ez dira falta. Joan den astean ezagutu genuen Gipuzkoako Kofradien Elkarteak atungorriaren kuota osoa Murtziako multinazional bateri saldu ziola eta atzo, berriz, Greenpeace taldearen txosten arabera, euskal arrantza sektoreak azken bost urteetan 800 lanpostu, enpleguen %22-a, galdu dituela.
Itsasoa ondare natural publikoa da eta haren baliabide naturalen gainustiapenak arrain askoren biziraupena eta berreskurapena kolokan jarri ditu. Arrantza sektoreak etorkizunik izango badu, itsasoaren bioaniztasuna eta ekosistemak bizirik mantendu beharko dira, eta hori aintzat hartuta, sektoreak bizi duen krisi propioari sustraietatik oratu. Arrantza arduratsua bultzatuz, kontrol sistemak finkatuz, gasoilaren kostua altua eta lonjetako kostu baxua alderantzikatuz... asko dago egiteke, asko egiteko. Egoera larriak denen elkarkidetza eta lana eskatzen du.