GARA > Idatzia > Kultura

Fanteko sail ofizialeko azken bi filmak, «The king of pigs» eta «Maniac», lehian sartzeko prest

Estatu espainoleko beste estreinaldi bat izan zuen atzo Fant jaialdian: Jorge Arenillas espainiarraren lehen film luzea, «Otro verano». «After» eta «Maniac» izan ziren atzo lehiaketan aurkeztutako beste film biak.

p041_f01_98x153.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Koreako «The king of pigs» animazio filma eta Kanadako «In the house of flies» dira aurtengo Fanteko Sail Ofizialean parte hartuko duten azken bi filmak.

Lehenago, eta Fant Erreskatean sailaren barruan, zendu berri den Bigas Lunasen «Angustia» filma ikusteko aukera izango da.

Atzo, berriz, AEBetako «After», Estatu frantseseko «Maniac» eta Jorge Arenillas zuzendari espainiarraren «Otro verano» filma ikusi genituen atal berean. Azken hau, estatu espainoleko estreinaldia izan zen.

Korea eta Kanada

Sang-Ho Yeon-ek (Seul, 1978) zuzendu du lehian sartu den animazio film bakarra, «The king of pigs», gaur, 19.45ean, FAS zine-klubak babesturiko emanaldian ikusi ahal izango duguna. Bertan, eskola garaietako lagun bik topo egiten dute, gaztetan bizi izandako pasadizoen gaineko atzera begiratua egingo dute.

Bikote gazte baten bizitza betiko zelan aldatzen den hartu du hizpide Gabriel Carrer (1980) zuzendari kanadarrak «In the house of flies» lanean. Carrerek mota guztietako estiloak jorratu ohi ditu. Sail Ofizialeko film bi horien aurretik, Bigas Lunasen «Angustia» (1987) thrillera ikusteko aukera edukiko dute Bilbora bertaratzen diren ikusleek.

«Otro verano»

«Otro verano» dugu Javier Arenillas (Madril, 1978) espainiarraren lehenengo film luzea. Zuzendaria ez ezik, Arenillas bera da aurrekontu urriko film honen (40.000) gidoilaria ere.

«Zinema maite dudalako egindako filma da hau», azaldu zuen Arenillasek atzo, kazetariokin izandako solasaldian. Izan ere, buruan zituen beste egitasmo guztiak finantziazio eza zela-eta geldiarazita zeudelarik, erabaki zuen «Otro verano» filma egitea. «Filma egiteko ez nuen inoren baimenik behar eta horrek eman zidan poza kutsatu nien lehendik nirekin lan eginak ziren hainbat laguni».

Zuzendariari lagundu zion Veronica Perona aktoreak baieztatu egin zituen adierazpen horiek, esanez proiektuak «harrapatu» egin zituela, eta «behin gidoia irakurrita» ez zuela bertan sartzeko zalantzarik izan.

Nontzefilmak lehiaketak irabazleak iragarri ditu

Larunbatean egin zen Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketaren sari banaketa, baita lan onenen proiekzioa ere, dena Fanteko egitarauaren barruan.

Honako hauek dira aurten saritutako film laburrak:

Javier Marco madrildarraren «3 minutos» filmak jaso zuen Zinema Saria. Planifikazio handiko lana da, aktore lan bikainarekin eta gidoi sendoarekin.

Euskal Herriko Zinema Saria, berriz, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Mikel Herrera donostiarren «Birjinianori bisita» artisautza eta western-ak uztartzen dituen filmarentzat izan zen.

Animazioaren atalari dagokionez, Bartzelonako Mario Rico zinemagileak hartu zuen 1.000 euroko saria, «Náufragos» lanari esker.

Euskal Herriko Animazio Saria, aldiz, Debako Aitor Oñederraren «Dena eta ezer ez dago» klipak jaso du. Kantu hori Gariren azken lanean dago bildua.

Azkenik, euskaraz eginiko lan onenaren saria Donald Navas Zeledon nikaraguarraren «Sorgin Gaua» filmarentzat izan da. Euskalki ezberdinak biltzen ditu lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo