Murrizketak egin arren, AEBek beren presentzia indartuko dute Pazifikoan
Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadak Pazifikoan duen ohiko presentzia indartuko du, nahiz eta Washingtonek aurrekontuetan murrizketak egin dituen. Hala esan zuen atzo Jonathan Greenert almiranteak Mendebaldeko Pazifikoan egingo duen bira hasi aurretik.
GARA | WASHINGTON
Aurrekontuetan murrizketa gogorrak egin dituen arren, Gobernu estatubatuarrak Pazifikoan duen presentzia indartuko du. Itsas Armadako buruak, Jonathan Greenert almiranteak, atzo aditzera eman zuenez, teknologia modernoagoa bidaliko dute inguru horretara.
AEBetako Itsas Armadak egun dituen 283 itsasontzi eta itsaspekoetatik, 101 zabalduak ditu modu egonkorrean mundu zabalean, eta horietatik batez beste 52 Mendebaldeko Pazifikoan kokatuak ditu, Greenertek zehaztu zuenez. 42 Japoniako Yokosukako basean, Guamen eta Singapurren daude. Eta horiek indartu nahi ditu bidaien kostua murrizteko. Izan ere, San Diegotik (Kalifornia) Yokosukara 14 eguneko bidaia egin behar dute itsasontziek. Duela gutxi, Ipar Korearen «mehatxuari» aurre egiteko argudiopean inguru horretara bidali zituen bi suntsitzaileak ez ziren AEBetako kostaldetik abiatu, Yokosukatik baizik.
«Hala, eskura ditugu behar ditugunerako», adierazi zuen gaur hastekoa duen Pazifikoko birari ekin aurretik. Itsas Armadako arduraduna Japoniara, Koreara eta Singapurrera joango da.
Washingtonen asmoa ainguraleku gehiago ahalbidetzea da tamaina txikiko itsasontzientzat, baita itsasbazterreko gerraontzientzat (LCS) edo abiadura handiko JHSV katamaranarentzat ere.
2017ra bitarte, lau LCS bidaliko ditu Singapurrera. Lehenengoa, «USS Freedom» izenekoa, pasa den martxoan iritsi zen.
Pentagonoak bere aurrekontuetan 41 mila milioi dolar murrizteko konpromisoa hartu zuen iazko irailean murrizketa automatikoak indarrean jarri ondoren. Baina diru gutxiagorekin lan egin behar izateak ez du Asian dituen gerraontzietan ondoriorik izango. Greenertek aipatu zuenez, beste 47 ontzi eraikitze prozesuan edo eskatuak dituzte. Hamarkada bukatzerako eskaera gehiago egingo dituztela gaineratu zuen.
«Kontratuak gauzatuko ditugu», esan zuen. Murrizketa automatikoak beste hamar urtez luzatuz gero -Kongresuak aukera hori aurreikusi du, 500 mila milioi dolar aurreztu ahal izateko-, inbentarioa 2020tik aurrera gutxituko dela esan zuen.
Gerraontziez gain, punta-puntako teknologia militarra bidaliko du Washingtonek Mendebaldeko Pazifikora, «itsaspeko gerra eta gerra elektronikorako leku estrategikoa baita». Aurten «P-8 Poseidon» hegazkin berria bidaliko du Japoniara.
AEBetako Armadako Estatu Nagusiko buruarentzat, eskualdean dagoen «mehatxu» bakarra Ipar Korea da. Txina ez duela mehatxu gisa ikusten ere adierazi zuen.
Hegoaldeko Koreak eta Ameriketako Estatu Batuek ur azpiko gerraren kontra maniobra militarrak hasi zituzten atzo Itsaso Horian. Ostiralera arte iraungo dute. Pasa den otsailean hasi zituzten ohiko ariketa militarren parte dira.